Argitaratu dute Floreagako alokairurako etxebizitzetarako onartuen eta baztertuen zerrenda

Anartz Izagirre 2022ko mai. 24a, 10:20

Hamalau etxebizitzaren esleipen prozeduran onartu eta baztertu dituzten herritarren zerrendak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta sarean daude ikusgai. Zerrendak hilabetez egongo dira jendaurrean ikusgai.

Eusko Jaurlaritza Floreaga auzoan eraikitzen ari den etxebizitzetatik hamalau, alokairura bideratutako etxebizitza sozialak izango dira, eta erakundeak dagoeneko argitaratu du esleipen prozeduran parte hartzeko onartuen eta baztertuen zerrenda. Honako lotura honetan ikus daitezke zerrenda horiek guztiak, eta hilabetez egongo dira ikusgai.

Alokairura bideratuko dituzten etxebizitza sozialetako txikienek 41,83 metro koadroko azalera dute; handienek, aldiz, 74,09 metro koadrokoa. Etxebizitza horietako bat mugikortasun urria dutenen artean esleituko dute, eta beste bat, etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboa dutenen artean. Era berean, hamalau etxe horietatik bost 36 urtetik beherakoentzat izango dira, eta behar bereziak dituztenentzako beste lau etxebizitza gordeko dira. Gainontzeko hiru etxeak, berriz, eskatzaile ororentzat izango dira. Etxe horietatik lau logela bakarrekoak izango dira, seik bi logela izango dituzte, eta gainontzeko lauk, hiru logela.

Eskera egiteko ezinbestekoa zen Etxebiden alta emanda egotea nahiz Azkoitian erroldatuta egotea. Helegitea jartzeko epea ekainaren 16an amaituko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide