Portaleburu erakusketa areto berriak ostegunean irekiko ditu ateak

Andoni Elduaien 2022ko mai. 23a, 15:19

Portaleburu erakusketa areto berria ostegunean irekiko dute.

Ostegunean, 19:00etan egingo dute aretoaren inaugurazio ekitaldia. Jose Alberdi Burruntxali eskultorea jaio zela 100 urte bete direla eta, haren lanak jarriko dituzte ikusgai.

Ostegunean, maiatzak 26, Portaleburu erakusketa areto berria inauguratuko dute, 19:00etan. Herriko plazan dago areto berria, Torre Zuri erakusketa aretoa zegoenetik–Udaltzaingoaren egungo egoitza– metro gutxira. Joxe Alberdi Burruntxali eskultorearen lanak jarriko dituzte ikusgai estreinakoz; izan ere, maiatzaren 29an, igandean, mendeurrena beteko da eskultore azkoitiarra jaio zela, eta udalak haren "izena eta izana" ekarri nahi izan ditu gogora.

Erakusketetarako lehen Torrezuri aretoa erabiltzen zuen udalak, baina erabaki zuen Udaltzaingoa Torre Zuri aretora lekualdea "egokiagoa" zela. Udaletxearen beheko solairua Herritarren Arreta Zerbitzuak eta Udaltzaingoak partekatzen zuten lehen, baina, udalaren iritziz, tokia "txikiegia" zen herritarren "kalitatezko zerbitzua" eskaintzeko. Hori horrela, erakusketa aretoa tokialdatzea erabaki zuen udalak, eta erakusketa gunea Udaltzaingoarentzat uztea. Ondorioz, udalak erakusketa areto berria irekiko duten lokala alokatu zuen.

Erakusketa aretoaren izena Portaleburu da, Azkoitiko plazaren lehenengo izena, hain zuzen. Harresitutako barrutiaren sarrerako atariei egiten zien erreferentzia Portaleburuk. Modu irekian, Portaleburun elkartzen zen udala XVI. mendean ordenantzen eta beste hainbat gairen inguruan eztabaidatzeko. Herriko jaietan, gainera, Portaleburu zezen plaza bihurtzen zen, dokumentu historikoetan jasota dagoenaren arabera. Erakusketa areto berriaren egokitzapen lanen aurrekontua 47.385,61 eurokoa izan da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide