Asteburu oparoa izan da Anaitasuna futbol taldearentzat. Gizonezkoen 1go Erregional mailako taldea Gorengoen Mailara igo zen larunbatean, San Juanen Zumaiakori 3 eta 0 irabazi ondoren. Borja Rocha entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak atsedenaldirako lortu zituzten neurketako hiru golak, eta erabakita utzi zuten lehia; Julen Olaizola, Iñigo Orbegozo eta Joanes Calvo izan ziren taldeko golegileak. Partida amaieran gogotik ospatu zuten jokalariek maila igoera.
Anaitasunaren harrobiko beste bi talderentzat ere ona izan da asteburua; izan ere, 1go Jubenil mailako taldeak Gorengoen Jubenil mailara igotzea lortu zuen asteburuan, Berako (Nafarroa) Gure Txokoa taldeari Txerloian 4 eta 0 irabazi ondoren. Era berean, Infantilen 1go mailako taldeak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen atzo, igandea, Deban. Elgoibarren aurka 2 eta 1 nagusitu ziren gorritxoak eta txapeldunen kopa jaso zuten amaieran.