'Ombuaren itzala' proiektuaren aurkezpena eta bertso saioa izango dira etzi Elkargunean

Anartz Izagirre 2022ko mai. 23a, 10:50

'Ombuaren itzala' filmaren sustatzaileak, proiektuaren aurkezpenean, Zizurkilen. (Ataria)

Pello Mari Otaño Zizurkilgo bertsolariaren bizitzaren inguruko filma egin nahi du Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak, eta proiektua gauzatzeko dirua biltzen ari da. Film egitasmo hori aurkeztuko du Patxi Bisquertek etzi, 19:00etan, Elkargunean. Horrez gain, Eneritz Artetxeren eta Unai Eizagirreren bertso saioa ere izango da.

Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzaren inguruko Ombuaren itzala filma egin nahi du; horretarako, 300.000 euro bildu nahi ditu, herritarrek egindako hamar euroko 30.000 ekarpenekin. Etzi, asteazkena, film egitasmoa aurkezten izango da Patxi Bisquert Art Zinema ekoiztetxeko arduraduna, eta ikus-entzunezkoaren finantzazio prozesuaren zein filmaren gaineko informazioa emango du saioan. 19:00etan izango da aurkezpena, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.

Aurkezpenaz gain, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko Eneritz Artetxe eta Unai Eizagirre azkoitiarrek bertso saioa eskainiko dute, eta ekitaldirako sarrera doakoa eta irekia izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide