Bikers Urola Kosta taldeak antolatuta, Azkoitiko II. Moto Topaketa egiten ari dira gaur. Goizean goiz hasi dira motorrak eta motorzaleak herriko plazara iristen. Kontzejupean zain zituzten antolatzaileak, eguneko hitzorduetako bat duten bazkarirako izena eman nahi zutenei harrera egiteko, besteak beste.
10:30ak jota hasi dira gasa ematen eta gasolina erretzen plazan elkartutakoak, eguneko motor ibilaldia egiteko pronto; abiatu baino hamar bat minutu lehenago, 70 lagunek emana zuten bazkaritarako izena, baina gehiago ziren, ehun inguru, plazan elkartutakoak.
Goizeko azken txanpa eta eguerdia bailarako errepideetan zehar ibili ondoren, Mandubiko gainean geldialdia eginda, txikiteorako eta ondorengo bazkarirako itzuli dira moto topaketako partaideak Azkoitian. Arratsaldean, 18:00etan hasita, trial ikuskizuna izango da plazan Miguel Motoren eskutik, eta horrekin bukatuko dute Azkoitiko II. Moto Topaketa.