CDKL5 gaixotasunari ikusgarritasuna emateko kanpaina martxan dute Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi topalekuak, eta atzo gauzatu zuten prestatu duten ekintza sorta berriaren lehendabizikoa. Elkargunean egin zuten hitzaldia entzuteko elkartu ziren herritarrek gaixotasun horri buruz gehiago ikasteko aukera izan zuten, CDKL5 etxean bizi duen familia baten lekukotzari esker.
Datozen egunetan jarraituko du CDKL5-aren bueltako kanpainak. Astelehenetik ostiralera bitartean, bertan ibiltzen diren haurrek egindako eskulanen azoka jarriko dute ludotekan. Eta gaur zortzi, maiatzaren 28an, lasterketa solidarioa egingo dute. Lasterketa horretarako izen-ematea hilaren 15ean itxi zuten. Izena eman dutenek Gazteria Bulegoan bertan jaso eta ordaindu beharko dute dortsala, datorren astelehena eta ostirala bitartean; halere, egunean bertan ere jaso ahalko dira dortsalak, lasterketa hasi aurretik. Helduek 5 euro eta 12 urtetik beherakoek 3 euro ordaindu behar dute dortsalagatik, eta jasotako diru guztia CDKL5 elkartera bideratuko dute antolatzaileek.