Floreagako On Bosco aretoa bertsozalez bete zen atzo gauean. Maxixatzen elkartearen Maiatzeko Lorak egitasmoaren barruan, luze esperotako saioa eskaini zuten han Maialen Lujanbiok, Andoni Egañak, Aitor Mendiluzek eta Beñat Gaztelumendik, Juan Inazio Sudupe gai jartzaile zutela.
Bertsolariek beraiek sarrerako agur bertsoetan gogoratu bezala, 2020an ziren berez Azkoitian elkartzekoak, baina COVID-19aren pandemiak nahi baino gehiago atzeratu ditu hasierako asmoak. 2021eko bigarren ahaleginean ere ezin, baina atzo, hirugarrenean, bai, loratu ziren bertsoak Floreagako aretoan.
Maxixatzen Eguna, gaur zortzi
Aurtengo Maiatzeko Loraken azkenaurreko hitzordua izan zen atzokoa. Gaur zortzi, maiatzaren 28an, Maxixatzen Eguna ospatuko da, elkarteak iaz ospatu ezin izan zuen 25. urteurrenaren ordaina, eta horrekin bukatuko dira aurtengo Maiatzeko Lorak.
Maxixatzen Egunean, 11:00etan Batzar Orokorra izango da Elkargunean, eta 12:30ean hasita, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak kantu kalejiran ibiliko dira herrian. Ondoren, elkarteko laguntzaileei eskerrak emateko bazkaria egingo dute Abaraxka jatetxean.