Garaipen bikainarekin urreari eutsi dio Juaristi ISBk

Nerea Uranga 2022ko mai. 20a, 23:45

Urrezko LEB ligari eusteko hil ala biziko partida jokatu du Juaristi ISBk Palenciaren kontra Azpeitiko kiroldegian. Bizi-bizirik dagoela erakutsi du Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak aurkako taldea 88 eta 85 mendean hartuta.

Juaristi ISBk urrezko taldea dela erakutsi du beste behin gaur, ostirala, 21:00etan, Azpeitiko kiroldegian Palenciaren kontra jokatutako neurketan. Milatik gora zaletu bildu dira harmailetan, eta haien txalo zaparradarekin ospatu dute Iñaki Jimenezen mutilek 88 eta 85 emaitzarekin lortutako garaipena.

Partida bikaina jokatu du, eta partidaren azkenera arte borrokatu du etxeko taldeak. Izan ere, neurketa bukatzeko minutu baten faltan 85 eta 85 berdinduta zeuden bi taldeak. 47 segundo falta zirenean amaitzeko, Juaristi ISBko Savkov-ek hirukoa saskiratu du, eta etxeko taldea 88 eta 85 aurretik jarri da. Azken segundoetan aurkariek saskiratzeko hiru aukera huts egin dituzte, eta txalo zaparrada artean ospatu dute Juaristi ISBkoek Urrezko LEB liga benetan merezi dutela.

Iñaki Jimenez: "Giroa zoragarria izan da"

Iñaki Jimenez Juaristi ISBren entrenatzailea oso gustura azaldu da gaur bere taldeak egindako lanarekin: "Bagenekigun oso gogorra izango zela Palenciaren kontrako neurketa, eta hala izan da. Gorabehera asko eduki ditugu, baina azken partida zen, finala zen, eta dena eman behar genuen irabazteko. Oso ondo jokatu dugu; 88 puntu sartu ditugu talde handi baten kontra".

Gaur kiroldegian izan den giroa "zoragarria" izan dela esan du Jimenezek: "Polita izan da gaurkoa, kiroldegian izan dugun giroa zoragarria izan da. Iraurgik lortu du, merezi du, eta pozik egon behar dugu".

(Argazkiak: Mikel Amenabar Otola eta Nerea Uranga)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide