Orio eta Aginaga bisitatu dituzte jubilatu azkoitiarrek

Andoni Elduaien 2022ko mai. 20a, 15:30

Eskualdeko beste zenbait jubilatu elkarterekin batera antolatu zuten Orio eta Aginaga bisitatzeko irteera. Guztira, lau autobus bete zituzten Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako jubilatuek.

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak antolatuta, atzo, osteguna, irteera egin zuten Azkoitiko jubilatuek Oriora eta Usurbilgo (Gipuzkoa) Aginaga auzora. Azpeitiko, Zestoako eta Aizarnazabalgo jubilatu elkarteekin batera egin zuten egunpasa. 10:00etan abiatu ziren Aizkibel liburutegiaren pareko geralekutik, eta Orion igaro zuten goiza. 12:00etan, meza entzun zuten herri horretako parrokian, eta ondoren, 14:00 aldera, autobusean sartu eta Aginagara joan ziren bazkaltzera. Bazkalostea musikak alaituta igaro zuten jubilatuek, eta dantzarako tartea ere hartu zuten lagun batzuk.

Irailean, Cadizera

Elkarteak, era berean, bidaia egingo du Cadizera (Espainia) irailean. Hain zuzen ere, irailaren 10etik 17ra bitartean egingo dute egonaldia han. Elkarteak irekita du bidaian parte hartu ahal izateko izen-emate epea. Astelehenetik ostiralera bitartean, elkartearen egoitzan eman ahalko da izena, 10:00etatik 12:00etara bitartean.

Autobusez egingo dute bidaia Cadizko hiriburura, eta besteak beste, Cadiz, Jerez, Puerto Santa Maria nahiz Vejer, Chiclana zein Medina, Sidonia, Chipiona eta Sanlucar (Espainia) herriak bisitatuko dituzte gida batek zuzenduta. Lau izarreko hotel batean igaroko dituzte sei gau, eta besteak beste, Jerezko upategi bat bisitatzeko, bertan zenbait janari dastatzeko eta zaldi ikuskizun batez gozateko aukera ere izango dute. Informazio gehiago nahi duenak, elkartearen egoitza egin dezake kontsulta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide