Bertsoekin gozatzeko aukera izan dute gaur San Jose egoitzan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren Adin-adin egitasmoaren barruan saioa eskaini dute han Naia Arrizabalaga azkoitiarrak eta Xebastian Lizaso azpeitiarrak. Bertsolaritza adinekoen egoitzetara eramanez, bertsoen bidez egoiliarren gaitasunak hobetzen laguntzea da egitasmo horren asmoa.
San Jose egoitzan urtero egiten dute Adin-adinen barruko saioa. Aurtengoa egoitzako lorategian egin dute, uda giroko arratsaldea probestuz. Egoitzako arduradunen esanetan, "giro paregabean" egin dute saioa, eta Arrizabalagak eta Lizasok ez ezik, San Joseko egoiliar batzuk ere animatu dira bertsoak botatzera.
(Argazkiak: San Jose egoitza)