Datorren larunbatean, maiatzak 21, II. Moto Topaketa egingo dute Azkoitian. Bikers Urola Kosta taldeak antolatu du topaketa, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin. Herrian egingo duten bigarren moto topaketa izango da zapatukoa; izan ere, 2019an egin zuten lehen topaketa, eta 100 motozaletik gora elkartu ziren orduan.
Larunbatean, 09:30ean, bazkarirako izen-ematea irekiko dute herriko plazan, eta han hasiko dira elkartzen topaketan parte hartuko duten motozaleak. Antolatzaileek nabarmendu dute, bazkarirako 90 lagunek eman ahalko dutela izena gehienez. 10:30ean abiatuko dira motoan itzulia egitera, eta 11:15ean Mandubian egingo dute geldialdia. Ordubete inguruko etena egingo dute han, eta berriro herrira itzuliko dira, 13:00etan txikiteoa egiteko. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute Iturri jatetxean. 18:00etan, Miguel Motok trial erakustaldia eskainiko du herriko plazan.