Easo Abesbatzak Pablo Sorozabalen omenezko kontzertua eskainiko du zapatuan Santa Kutzeko komentuan

Anartz Izagirre 2022ko mai. 17a, 12:19

Easo Abesbatza mistoaren irudi bat. (Utzitakoa)

Udaberriko Musikaldiaren barruko hirugarren kontzertua izango da, eta ohi bezala joan-etorrirako doako autobusa izango da larunbatean, maiatzak 21, 18:00etan, Julio Urkixo kaleko geralekutik aterata. Pablo Sorozabal konpositorearen omenezko emanaldia izango da Easo Abesbatzak eskainiko duena.

Aurrera jarraitzen du maiatzaren lehen astean hasi zen 30. Udaberriko Musikaldiak. Joan zen asteburuan Arantza Ezenarro soprano donostiarraren eta Borja Rubiños piano-jotzaile andoaindarraren txanda izan zen, eta aste honetan, Easo Abesbatza izango da Santa Kutzeko komentuan kontzertua eskainiko duena, Gorka Miranda zuzendariaren gidaritzapean. Gainera, Pablo Sorozabal (1897-1988) konpositore donostiarraren omenezko kontzertua eskainiko dute horiek, Sorozabalen jaiotzaren 125. urteurrena baita aurtengoa. Hitzordua larunbatean, maiatzak 21, 18:30ean izango da, eta ohi bezala, 18:00etan doako autobusa aterako da Julio Urkixo kaleko geralekutik joan-etorria autobusez egin nahi duten herritarrentzat.

2006. urtean sortu zuten Easo Abesbatza mistoa, eta Easo Emakumeen Abesbatzaren ahotsek zein Easo Abesbatzako ahots grabeek osatzen dute. Askotan parte hartu izan du taldeak Donostiako Musika Hamabostaldiaren opera ekoizpenetan; esaterako, honako ekoizpenetan aritu izan dira abesten: P. I. Tchaikovskyren Iolanta, W. A. Mozarten Die Entführung aus dem Serail, Die Zauberflöte eta Le nozze di Figaro, J. M. Usandizagaren Mendi-mendiyan.

Horrez gain, izen handiko orkestrekin ere aritu izan dira lanean; besteak beste, Frantziako Tolosako Kapitolioko Orkestra Nazionalarekin, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta Balearetako Orkestrarekin. Era berean, honako zuzendariekin ere lan egin dute, beste hainbaten artean: Tugan Sokhiev, Leopold Hager, Günter Neuhold eta Pietro Rizzo.

Kontzertu berezietan ere parte hartu izan dute, besteak beste, 54. Donostiako Jazzaldiko Eri Yamamotoren Goshu Ondo Suite-ren Europako estreinaldian eta Gorka Hermosa konpositorearen Urretxutik mundura suite sinfoniko-koralaren estreinaldian.

Egitarau oparoa

Easo Abesbatzak hainbat abesti kantatuko ditu Santa Kutzeko komentuan, eta honako hauek daude horietako hainbaten artean: Siete Lieder-en barruko Ametsetan, Lotoren Lorak eta Ez dot ziñesten; Eusko Indarra (Debako martxa), Ocho canciones a dos voces-en barruko Bihotz bat, Urrundik, Kuku, Ba al dakizu Maite? eta Penak, zein Sagar dantza.

Bestalde, 30. Udaberriko Musikaldiaren laugarren eta azken kontzertua datorren maitzaren 28an, zapatua, izango da. Pablo Sainz-Villegas gitarrista garaikideak Alma de guitarra española lana aurkeztuko du aurtengo edizioa ixteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide