Igandean XIX. Kaleko Pintura Lehiaketa egin zuten Zumaian, eta Udane Juaristi izan zen irabazlea. Aurkeztu zituzten lan guztien artean azkoitiarrarena hautatu zuen epaimahaiak, eta 800 euroko diru saria jaso zuen trukean. Bigarren saria, 500 euro, Carlos Espigarentzat izan zen; eta hirugarrena, 300 euro, Esteban Orozentzat. Herrikoen parte hartzea bultzatzeko intentzioarekin, zumaiarrek egindako lanik onena ere saritu zuten, eta hori Alaia Azkuek aurkeztutakoa izan zela erabaki zuen epaimahaiak. Horrela, 300 euroko diru saria eta olio margo kaxa jaso zituen zumaiar gazteak.
Juaristik badu esperientzia kaleko pintura lehiaketetan; esaterako, joan den asteburuan bertan Azpeitikoan parte hartu zuen. Zer margotu nola erabaki zuen galdetuta, erantzun du ontzioletako koloreek atentzioa eman ziotela: "Lehengoan herrian buelta bat eman nuen zer ikusiko. Industrialdeetara jo nuen, itsasontziak konpontzen jarduten diren gune horretara eta, eta hango koloreak gustatu zitzaizkidan. Figurak ere beti egiten zaizkit erakargarriak eta, gainera, eroso sentitzen naiz horiek margotzen. Pare-parean langile bat tokatu zitzaidan, atsedenaldian edo. Irudi horrekin gelditu nintzen eta, azkenean, horixe margotzea erabaki dut".
Horrelako lehiaketetan norbere indarguneak baliatzea garrantzitsua izaten dela esan du azkoitiarrak. "Beti aurkeztu ohi da jendea paisaietan oso ona dena; hortaz, ni saiatzen naiz beste zerbaitetara jotzen, zerbait desberdina topatzen, oso ohikoa ez den zerbait. Maila handiko jendea etorri ohi da, eta haiekin lehiatzeko, saiatzen naiz nire alderdi indartsuenak erabiltzen".
Denbora aldetik nahiko estu ibili zela aitortu du Juaristik. "Denbora gehiago izango banu, margolana lantzen segituko nukeen, baina muga bat izateak baditu bere alde onak ere, momentu jakin batean bukatutzat eman behar duzulako eta lanek freskotasuna handiagoa izaten dutelako. Askotan, gehiegi jarduteak koadro bat kakaztu egin dezake".
Garaipenarekin gustura, adierazi du datozen aste eta hilabeteetan antzerako lehiaketetan parte hartzeko intentzioa baduela. "Orain hasi eta urria aldera arte izaten da kaleko lehiaketen denboraldia, eta gustatzen zait plana: beste herri batera egunpasa joan, toki berriak ezagutu, eta gainera etxera sariarekin bueltatuz gero...".
Lehendabiziko esperientzia "oso ona"
Azkuerentzat, ostera, horrelako lehiaketa batean parte hartzen duen lehen aldia izan da, eta emaitzarekin ezin du gusturago egon. "Aurkezteko erabakia asko pentsatu gabe hartu nuen, ostiralean izan bainuen lehiaketaren berri". 17 urterekin, Batxilergo artistikoa egiten ari da Azkue, eta hain zuzen ere, beste bi gelakiderekin batera erabaki zuten parte hartzea, "probatze aldera".
Ez zeukan aurrez erabakita zer margotuko zuen; "zerbait bat-batekoa izatea nahi nuen, eta gaur goizean (igandean) neure buruari galdetu diodanean niretzat zein izan daitekeen herriko leku esanguratsu bat, haur parkea etorri zait burura, parke horretan denbora asko pasatutakoa naizelako". Horrela erabaki zuen zer margotu. "Erakusketa ikusten baduzue konturatuko zarete beste margolan batean ere parke bera ageri dela, nire lagunetako batek egin du hori, biok batera erabaki baitugu zer margotu".
Irabazteko esperantzarik bazeukan galdetuta, ezetz erantzun du Azkuek, eta horregatik, "ustekabe polita" izan dela. "Dena dela, ez nuke esango irabazi dudala nire margolanak sekulako maila daukalako, lehiaketara oso zumaiar gutxi aurkeztu garelako baizik. Helduen kategorian lau bakarrik izan gara, eta horrek asko ugaritzen ditu irabazteko aukerak".
Lanak, ikusgai eta erosgai
Atzo 09:00etan zabaldu zuten lehiaketarako izen-ematea, eta helduetan 22 lagunek eta 16 urtetik beherakoetan zortzi lagunek eman zuten izena. Gai librean, goiz guztia izan zuten lanerako, eta herriko hainbat txokotan ikusi ahal izan ziren margolariak. Askotariko irudiak egin zituzten, askotariko materialak erabilita, eta 14:00etarako Oxford aretoan utzi zituzten lanak, epaimahaiak ikus zitzan.
Bego Blanco, Julian Egiguren eta Valentin Manterola herriko margolariek, Javier Igoa iazko irabazleak eta Marina Bidasoro Zumaiako Udaleko kultura zinegotziak egin zituzten epaile lanak, eta 18:00etan hasita Oxford aretoan bertan egin zuten ekitaldian jakinarazi zituzten irabazleen izenak.
Datorren igandea bitartean Alondegiko Oxford aretoan egongo dira lan guztiak ikusgai, eta baita erosgai ere.