Sahatsa taldeak jasoko du I. Kultura Saria

Ane Olaizola 2022ko mai. 16a, 15:26

Dantza taldearen "urte luzeetako ibilbidea" txalotu nahi izan du udalak, euskal folklorearen sustapenean eta euskal dantza tradizionalen hedapenean "oinarrizko papera" izan duelako. Hilaren 27an jasoko du aitortza, udaletxean egingo duten ekitaldi irekian.

Azkoitiko Udalak Kultura Saria banatzen hasiko zela iragarri zuen iaz, eta erakundeak gaur, astelehena, jakinarazi du aurreneko edizioaren saria nork jasoko duen: Sahatsa dantza taldeak. 1976an sortu zen taldea, eta aitortzarekin "urte luzeetako taldearen ibilbidea" txalotu nahi izan du udalak. "Sahatsak bete duen papera oinarrizkoa izan da euskal folklorearen sustapenean eta euskal dantza tradizionalen hedapenean. Horregatik, ondo merezia du herriaren aitortza", azaldu du. Hurrengo ostiralean, hilaren 27an, jasoko du oroigarria, 19:00etan udaletxean egingo den ekitaldian. Saioa irekia izango da, eta udalak herritar guztiak gonbidatu ditu bertara.

Udalak adierazi duenez, Juan Luis Lizabek zuzentzen duen dantza taldeak "sasoiko" jarraitzen du oraindik orain, eta plazetan zein oholtzetan duen "indar guztia" erakusten du. Haren arabera, dantzari beteranoen "esperientziaren eta ezagutzaren" eta gazteen "freskotasunaren eta sormenaren batura" da Sahatsa.

Azkoitiko Udalak joan zen urtearen amaieran hartu zuen Kultura Saria antolatzen hasteko konpromisoa, arlo horretan aritzen direnek ere udalaren aitortza jaso dezaten eta kulturak "merezi duen tokia" izan dezan. Horretarako, herritarrek zein elkarteek beren proposamenak helarazteko aukera izan zuten abenduan, eta ekarpenak jaso ondoren, horretarako batutako batzordeak erabaki du irabazlea nor den.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide