Baserri Eguna izan zen atzo Markina-Xemeinen (Bizkaia), eta festa horren barruan, Helduen III. Trikitixa Txapelketa jokatu zuten. Guztira, bost bikotek parte hartu zuten, eta epaimahaiak horrela erabakita Xabier Etxanizek eta Ainara Saizarrek irabazi zuten sariketa. Soinu jotzaile azkoitiarrak eta pandero jotzaile aiarrak bigarrenez jantzi dute Markina-Xemeingo lehiaketako txapela, sariketaren lehen edizioan ere haiek izan baitziren txapeldun. Ohi modura, irabazleen doinuz amaitu zen txapelketa. Horren aurretik hitz batzuk esan zituen Etxanizek, lagunen eta etxekoen babesa eskertzeko, eta amari eskaini zion garaipena.
Etxanizek eta Saizarrek 758,5 puntu eskuratu zituzten atzokoan. Haiengandik 49 puntura geratu ziren Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta (709,5). Hirugarren sailkatuak Leire Zumeta eta Amaia Arza izan ziren (673,5), laugarrenak Mirari Azkune etxebarritarra eta Aintzane Agirrebeña (648) eta bosgarrenak Laja II. eta Lutxurdio.
Irabazleek txapelak eta 1.000 euro lortu zituzten, bigarrenek 700 euro, hirugarrenek 600 euro, laugarrenek 300 euro eta 250 euro bosgarrenek.