Floreaga auzoko bigarren igogailua eraikitzeko lanak lizitzaziora atera ditu Azkoitiko Udalak. Auzoko irisgarritasun arazoari irtenbidea emateko asmoz, lau igogailu, hainbat pasabide, arrapalak eta zebra bideak jartzeko beharra ikusi zuen LKSk 2018an egindako azterlanean, eta lan horiek bost fasetan egitea aurreikusi zuten orduan.
Bigarren faseko lanetan igogailu bat jartzea, hari bi pasabide lotzea eta gunea urbanizatzeko lanak egitea aurreikusten du udalak. Hain zuzen ere, Aizkibel eta Zuazola kaleen arteko bidegurutzean kokatuko lukete igogailua, eta hari lotutako bi pasabideak Zuazola plazara eta Floreaga Berri plazara eramango lukete. Igogailuaren lehen solairuak Zuazola plazara eramango luke, eta bigarrenak Floreaga Berri plazara. Zehazki, errepidearen gainetik igaroko litzateke bigarren plaza horretarako pasabidea –albisteko irudian Zuazola plazarako pasabidea ageri da soilik–. "Exekutatuta dagoen aurreko faseak eta bigarrenak auzoko gune ezberdinak konektatuko dituen ibilbide bakar bat osatuko dute, Aizkibel kalean 16,5 metroko desnibela libratuz", adierazi du udalak ohar bidez.
Lehen faseari zegokion lehen igogailua iazko urrian inauguratu zuten, eta orain, bigarren fasea exekutatzeko lanak atera ditu udalak lizitaziora. 805.641,03 euroko hasierako aurrekontua izango dute obra horiek BEZa barne, eta erakundeak jakinarazi duenez, eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 7an amaituko da. Obrak hasitakoan, sei hilabeteko exekuzio epea izango dute lanek, eta udalaren arabera, 2023. urteko lehen seihilekorako amaituta izango dira lanak.