Zinegoak jaialdiaren barruko sei film labur eskainiko dituzte asteartean Elkargunean

Anartz Izagirre 2022ko mai. 6a, 09:00

Maider Garcia Merinoren 'No deberías' filmeko irudi bat. (Zinegoak)

Hilaren 17an LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da, eta horren harira, Zinegoak jaialdiak geldialdia egingo du Azkoitian, udaleko Berdintasun sailak antolatuta. Sei film labur ikusteko aukera izango da datorren asteartean, hilak 10, Elkargunean, 18:00etan hasita. Emanaldia doakoa eta irekia izango da.

Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen 19. jaialdian aurkeztutako sei film labur ikusteko aukera izango da datorren asteartean, maiatzak 10, Azkoitian. Hilaren 17an LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan zehar, eta horren harira, Zinegoak jaialdiak geldialdia egingo du herrian, Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak antolatuta. Elkargunean izango da emanaldi sorta, 18:00etan hasita, eta doakoa izango da sarrera; beraz, edonor joan ahal izango da ekitaldira.

Helburu zehatz batekin sortu zuten Zinegoak Hedapena deituriko egitasmoa, jaialdian eskainitako lanak beste hainbat udalerritara zabaltzeko, hain justu; herri horietako bat izango da Azkoitia.

Honako sei film labur hauek egongo dira ikusgai Elkargunean: Katerine Martineau zuzendariaren Les filles ne marchent pas seules la nuit (Kanada,  2020) –frantsesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin–, Albert Carboren Elsa (Espainia, 2021) –katalanez, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin–, Imanol Ruiz de Lararen 17 minutos con Nora (Espainia, 2021) –gaztelaniaz–, Maider Garcia Merinoren No deberías (Euskal Herria, 2021) –gaztelaniaz–, Aitor Gametxoren Berak baleki (Euskal Herria, 2021) –euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin– eta Shaleece Haasen To the future, with love (AEB, 2021) –ingelesez, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide