Azkoitiko EH Bilduk "oso larritzat" jo zuen atzo aurtengo udalekuak "murritzak" izatea, eta Udal Gobernuak udalekuen inguruko azalpenak eman ditu gaur. Sonia Vazquez udaleko Gazteria zinegotziak jakinarazi duenez, udalak "egin beharreko guztia" egingo du udalekuetan "ez dadin inor kanpoan geratu", eta, aurten, udalekuen eta tailerren artean, "sekula baino eskaintza zabalagoa" antolatu dutela azaldu du Vazquezek: "Orain ikusi behar dugu zenbat haurrek eta nerabek ematen duten izena horietan, horren arabera zerbitzua egokitzeko, eta behar den begirale kopurua zehazteko. Lasaitasuna eskatuko nieke familiei".
Udalak jakinarazi duenez, aurreko edizioetan 300 eta 350 erabiltzaile artean izan dira Azkoitiko udalekuetan, eta, aurten, 400 plaza bermatzeko lanetan ari direla nabarmendu dute. Iaz, 269 neska-mutilek parte hartu zuten udalekuetan, eta udalak adierazi du Azkoitian "udalekuen aldeko apustua" egin zela iaz.
Eskaintza, prest
Gazteria Zerbitzuak prestu du dagoeneko haurrei eta nerabeei zuzendutako aurtengo udako eskaintza, eta etzi, ostirala, banatuko dute informazioa ikastetxeetan, digitalki. HH3 eta DBH4 mailen arteko herritarrei zuzenduriko eskaintza izango da, eta Vazquezek adierazi du izen-emateak itxitakoan zehaztuko dituztela baliabideak: "Haur kopurua eta adin taldeak ikusi behar ditugu, Gazteria Zerbitzuak dituen hezitzaileez gain, zenbat begirale beharko ditugun jakiteko. Gure nahia da ahalik eta haur gehienek izatea udalekuez gozatzeko aukera".
Udalekuen barruan Artxabentura eta Praka Motxakin egitasmoak eskainiko dituzte, eta 3-9 urte bitartekoei zuzendutako Uztaila Jolasean programa, Praka Motxak egitasmoaren barruan txertatu dute, eskaintza adin tarte guztietara zabalduz.
Uztaila Jolasean udalekuak, orain arte, Alai Batza aisialdi elkarteak eta udalak elkarlanean antolatzen zituzten, udalaren arabera, "oso emaitza onarekin". Erakundeak dirulaguntza ematen zion elkarteari horretarako, baina zerbitzu publiko bat dirulaguntza bidez ezin dela finantzatu azaldu du udalak, eta zerbitzu hori lehiaketa publikora ateratzea erabaki du orain: "Udalak bi aukera ditu udalekuak antolatu nahi baditu: erakunde gisa begiraleak kontratatu edo zerbitzu hori lehiaketa publikora atera eta enpresa bat kontratatu horretarako. Noski, Alai Batzak ere, beste elkarteek edo enpresek bezala, aukera du lizitaziora aurkezteko, eta udaleku propioak ere antola ditzake", jakinarazi du Gazteria zinegotziak. Bestalde, hark gaineratu du erakundea "oso eskertuta" dagoela elkartearekin.
Astebeteko txandak
Aurten, beraz, Gazteria Zerbitzutik antolatuko dira Azkoitiko udalekuak, eta kontratazio bidez hartuko dituzte lan horiek gauzatzeko behar diren begiraleak, lizitazio prozesua aurrera doan bitartean. Vazquezek adierazi du aurten astebeteko txandak aurreikusi dituztela udalekuetan, arrazoi batengatik: "Alai Batzari dirulaguntza ematen zitzaion udalekuak antolatzeko, baina bertako boluntarioek ez zuten lan kontraturik. Orain, enpresa bateko langileek egingo dute begirale lana, eta kostua altuagoa da. Horrek prezioetan eragina du. Horregatik erabaki zen astebeteko txandak jartzea, ordainketarako ere malgutasuna emateko, hain zuzen".
Hala eta guztiz, haurrek eta nerabeek txanda bat baino gehiagotan —bitan edo hirutan— izena emateko aukera izango dute plazak libre gelditzen badira. "Plazekin arazoa balego bakarrik joko da zozketara, gainontzeko herri gehienetan egin ohi den moduan", azpimarratu du Gazteria zinegotziak.
Udako tailerrei dagokienez, bestalde, udalak adierazi du "erraztasunak" ematen saiatu dela Gazteria Zerbitzua. Hala, bi tailerretan izena emanez gero, %25eko deskontua izango dute herritarrek bigarrengo ikastaroan.