Zornotza anaiena da Udaberriko Idi Dema Sariko orain arteko lanik onena

Andoni Elduaien 2022ko mai. 1a, 11:05

Ostiralean hasi ziren idi demak Azkoitian.

Ia 57 plaza egin zituzten atzo Zornotza anaien idiek. Sei uztarri aritu dira ostiralean eta atzo, larunbata, Azkoitiko Gurea probalekuan. Zornotza anaien ondoren, Txokolatek egin du bigarren marka onena.

Ostiralaz geroztik, kintopekoen Udaberri Idi Dema Saria ari dira jokatzen Azkoitiko Gurea probalekuan. Ostiralean eta atzo, larunbata, jokatu zituzten lehen bi jardunaldiak, eta orain arte sei idi parek parte hartu dute lehian. Zornotza anaien uztarriak lortu du orain arteko markarik onena, ia 57 plaza osatuta. 

Ostiralean, Etxabe, I. Lopetegi eta Etxetxo aritu ziren Gurean, eta Lopategiren idi pareak egin zituen plaza gehien; hain zuzen 52 plaza eta 3,57 metro osatu zituen etxe horretako uztarriak. Etxabek, berriz, 47 plaza eta 2,98 metro egin zituen, eta Etxetxo 34 plaza osatzera heldu zen. 

Atzo, larunbata, beste hiru idi pare aritu ziren Azkoitian, eta Zornotza anaiek ostiraleko lanak hautsi zituzten. Bizkaitarrek 56 plaza, lau zinta eta 3,83 metro egin zituzten Gurean, oraingoz aurtengo markarik onena eginez. Txokolateren idi pareak ere ostiraleko plaza kopurua hobetu zuen, harriari 52 plaza, bi zinta eta 3,18 metro eginarazita. Igeldok, aldiz, 40 plaza eta 3,32 metro egin zituen. 

Bihar, astelehena, eta etzi, asteartea, jokatuko dituzte Udaberri Idi Dema Sariko gainerako bi jardunaldiak. Astelehenean, E. Arzadun, Belamendi eta Maia arituko dira Azkoitian, eta asteazkenean, Igone Pagadizabal, Oliden eta Billabaso. Asteartean bertan egingo dute sari banaketa ekitaldia probalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide