Juaristi ISBk 95 eta 87 galdu du Coruñan

Andoni Elduaien 2022ko mai. 1a, 10:24

Sidy Cissoko izan zen ISBko jokalari onena.

Etxeko taldeak bederatzi puntuko errenta lortu zuen lehen zatian, baina hirugarren laurden bikain baten ostean, puntu bakar batera hurbildu zen ISB. Azken laurdenean, etxeko taldea ISB baino finago aritu zen saskiaren aurrean, eta ez zion utzi garaipena borrokatzen.

Juaristi ISBk galdu egin zuen herenegun, ostirala, Coruñan (Galizia). 95 eta 87 galdu zuen Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak play-offak jokatzeko sailkatu den Galiziako taldearen aurka. Urrezko LEB Ligari eutsi ahal izateko aste erabakiorretan murgildu da Azkoiti-Azpeitiko taldea, baina urratsa aurrera egiteko lehen aukeran kale egin zuen ISBk.

Oldarkor aritu zen ISB lehen laurdenean, bereziki partidako lehen atalaren azken zatian. 22-22 zeudela, azken segundoko hiruko batek markagailuan atzetik jarri zituen Jimenezen mutilak. Bigarren laurdenean, ordea, etxeko taldeak bultzada bat eman zion neurketari eta martxa bat gehiagorekin aritu zen, ISB poliki-poliki atzean utziz. Azkoiti-Azpeitiko taldeak, gainera, aurkariak behartu gabeko akats asko egin zituen. Horrela, atsedenaldirako, bederatzi puntuko errenta lortu zuen Galiziako taldeak.

Lehen zatiaren bidetik ekin zioten hirugarren laurdenean Leyma Basqet Coruñak eta Juaristi ISBk. Etxeko taldearen zen jokoaren kontrola, eta ISBk azkar jokatu nahi izan zuen, urduritasunez. Hala eta guztiz ere, etxeko taldeak zuen errenta murriztea lortu zuen Juaristik, eta puntu bakar batera hurbildu zen hirugarren laurdenaren amaieran; aurretik ere izan zen une batez markagailuan. Etxeko taldeak, ordea, bere jokoa hobetzeko asmoa erakutsi zuen, eta jokalari batzuk saskiaren aurrean erakutsi zuten ziurtasuna tarteko, markagailuan ihes egitea lortu zuten, ISB garaipeneko borrokatik aldentzeraino. Amaieran, 95 eta 87, garaipena etxean gelditu zen, play offetarako sailkapena lortuz.

Jokalariei dagokionean, Saski Baskoniak utzita ari den Sidy Cissoko izan zen onena. 16 puntu saskiratu zituen hark, 28 puntuko balorazioa eskuratzeko. CB Prat eta azken jardunaldietan mailari eusteko borrokara batu den Palmer Alma Mediterraneo Palma taldeak gaur, igandea, arratsaldean jokatuko dituzte beraien neurketak. CB Prat Coviran Granada liderraren etxean arituko da, eta Palmako (Herrialdeko Katalanak) taldeak etxean hartuko du Unicaja Banco Oviedo zortzigarren sailkatua.

Juaristi ISBri hiru partida, hiru final gelditzen zaizkio mailari eutsi ahal izateko, eta horietako lehena datorren astean izango du, Donostiako Acunsa GBCren aurkako derbia jokatuko baitu Azpeitian, igandean, 18:00etan. Gainerako bi partidak Levitec Huesca –kanpoan– eta Palencia –etxean– taldeen aurka jokatuko ditu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide