Gaur, ostirala, hasiko dira ospatzen auzoko festak Santa Kutz auzoan. 22:00etan, mus txapelketa egingo dute Laja jatetxean, eta karta-joko txapelketa izango da aste honetako ekintza bakarra; izan ere, festetako egitarau mardulena datorren asterako antolatu dute.
Santa Kutz festetako mus txapelketa 22:00etan hasiko da gaur. Txapelketan aritzeko izena eman beharko da aurrez, 943-85 14 12 telefono zenbakira deituta, eta bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu. Lehen hiru sailkatuentzako sariak banatuko dituzte: bikote txapeldunak 600 euro eta txapela jasoko ditu, azpitxapeldunak 300 euro eta hirugarren sailkatuak arkumea eta bi ardo botila kriantza.
Datorren astean, gehiago
Maiatzaren 7an eta 8an festa giro bete-betean murgilduko dira Santa Kutz auzoan. Larunbatean, maiatzak 7, afaria egingo dute, 20:30ean, Laja jatetxean. Afalondoren, 23:00 inguruan, Laja II.a eta Lutxurdiok alaituta erromeria izango da. Afarirako izena eman beharko da aurrez, 943-85 14 12 telefono zenbakira deituta.
Maiatzaren 8an, igandean, Beñat Landa eta Jon Izagirre trikitilariek alaituko dute eguerdia, 12:00etatik aurrera. 12:30ean, poniak izango dira haurrentzat jatetxearen atarian. Festak arratsaldean izango du jarraipena. 16:00etan, Landa eta Izagirre trikitilariek erromeria eskainiko dute, eta 17:00etan, apar festa eta puzgarriak izango dira haurrentzat.