Plaza Ondo jubilatuen elkarteak irteera antolatu du Oriora eta hango Aginaga auzora, Azpeitiko eta Zestoako jubilatu elkarteekin batera. Maiatzaren 19an, ostegunez, egingo dute egunpasa, eta autobusez egingo dute herritik kostalderako bidaia. 10:00etan abiatuko dira Aizkibel liburutegiaren pareko geralekutik.
Jubilatuek Orion pasatuko duze goiza, eta 12:00etan meza egingo dute hango parrokian. Ondoren, 14:00 aldera, autobusean sartu eta Aginagara joango dira, eta 14:30 aldera, bertan bazkalduko dute. Bazkalostea musikak alaituta igaroko dute jubilatuek, eta dantzarako aukera izango dute hala nahi duten guztiek. Ibilaldiak 35 euroko kostua du, eta gaurtik aurrera, Plaza Ondoren bulegoan eman beharko da izena, 10:00etatik 12:00etara bitartean.
Irailean, Cadizera
Elkarteak, era berean, bidaia egingo du Cadizera (Espainia) irailean. Hain zuzen ere, irailaren 10etik 17ra bitartean egingo dute egonaldia han. Elkarteak gaur, ostirala, zabaldu du bidaian parte hartu ahal izateko izen-emate epea. Astelehenetik ostiralera bitartean, elkartearen egoitzan eman ahalko da izena, 10:00etatik 12:00etara bitartean.
Autobusez egingo dute bidaia Cadizko hiriburura, eta besteak beste, Cadiz, Jerez, Puerto Santa Maria nahiz Vejer, Chiclana zein Medina, Sidonia, Chipiona eta Sanlucar (Espainia) herriak bisitatuko dituzte gida batek zuzenduta. Lau izarreko hotel batean igaroko dituzte sei gau, eta besteak beste, Jerezko upategi bat bisitatzeko, bertan zenbait janari dastatzeko eta zaldi ikuskizun batez gozateko aukera ere izango dute. Informazio gehiago nahi duenak, elkartearen egoitza egin dezake kontsulta.