Noiz ireki zenuten denda eta zein da bere historia?
Itziar Larrañaga: Gurasoek 1994an iriki zuten Amaitz liburu denda; beraz, 28 urte beteko ditu aurten. Amaitz izena gu bion izenetatik dator.
Amaia Larrañaga: Geuk erabaki genuen dendaren izena. Gurasoek negozio bat zabaldu nahi zuten herrian, eta hasieran egunkari gutxi batzuk saltzen hasi ziren, ez baitzekiten negozioa ondo joango zen ala ez.
Noiz hasi zineten zuek biok lanean?
I.L.: Hementxe ibili izan gara beti; modu naturalean hasi ginen dendako zereginetan.
A.L.: Gure etxeko parte izan da Amaitz, eta beharra egon denetan beti joan izan gara dendara laguntzera. Azken bizpahiru urtetatik, geu ari gara kudeaketa lanak egiten.
Besteak beste, egunkariak eta liburuak saltzen dituzue. Hasi zinetenetik, asko aldatu al da lanbidea?
I.L.: Bai. Bizimodua ere asko aldatu da 28 urte hauetan, eta erosteko erak ere bai. Plataforma handien etorrerarekin, asko aldatu dira bezeroen joerak.
A.L.: Denda ireki zen garaian jendeak ez zuen Interneten erosten, eta orain askoz normalagoa da erosketak modu horretan egitea. Jende askok euskarri digitalean kontsumitzen ditu orain prentsa nahiz literatura.
Antzeman al duzue joera hori azken hamarkadan?
I.L.: Bai. Lehen ez zegoen irakurtzeko horrenbeste aukera, eta egunkaria zen informatzeko modurik sendoenetako bat. Orain informatzeko milaka aukera daude.
A.L.: Orain, askotan, titularra bakarrik topatzen dute irakurleek.
Kazetaritzan, beraz, jende askok berehalakotasuna bilatzen duela esango zenukete?
A.L.: Bai, baina jendeak badu artikuluak eta erreportajeak sakonago irakurtzeko joera ere, eta horretarako aukera ematen dute egunkariek.
Zein izan ohi da normalean egunkaria erosten duen bezeroaren profila?
I.L.: Astean zehar, jende zaharragoa etorri ohi da. Denboragatik edo egunerokotasunagatik, agian, astean zehar gazteek ez dute egunkaria horrenbeste erosten; asteburuetan bai, ordea.
A.L.: Gazteak egunerokoan beste era batera informatzen direla esango nuke, eta asteburuetan, lasaiago daudenean, gehiagok erosten dute egunkaria.
Gazteek ba al dute liburuak irakurtzeko zaletasunik?
I.L.: Ikusten dugu gurasoek gustuko liburuak aukeratzen uzten dietela haurrei. Iruditzen zait gurasoak garrantzia ematen ari direla haurren irakurzaletasunari.
A.L.: Haurrek erakusleihoko liburu bat nahi baldin badute, gurasoek, normalean, beste edozein produktu baino lehenago erosten diete liburu bat.
Zein da zuen ofizioaren alderik okerrena?
I.L.: Denda bat izanik, oso lanbide lotua da. Gainera, guk prentsa ere saltzen dugunez, asteburuetan lan egin behar izaten dugu.
Eta onena?
A.L.: Jendearekin harremana izan dezakegula; izan ere, polita da bezeroekin sortzen den hartuemana. Dendara egunero etortzen den jende asko dago, eta harreman onak egiteko balio digu lanbide honek.
Nolakoa da liburu dendei eta kioskoei ikusten diezuen etorkizuna?
I.L.: Pentsatu nahi dugu beste apur batean behintzat segituko dutela bizirik. Plataforma handiek-eta beldurra ematen dute, eta askotan pentsatzen duzu saltoki txiki guztiak jango dituztela, baina pandemiarekin ikusi da denda txikiek ere indarra dutela.
A.L.: Dendan, zerbait erosten duzun bitartean hitz egiteko aukera izaten duzu; harremanak sortzeko guneak dira saltokiak. Pandemiak gune horien beharra erakutsi du.