Asteburuan, festak ospatuko dituzte Azkoitiko Floreaga auzoan. Floreagako tabernak eta auzoko festa batzordeak udalaren laguntzarekin antolatu dituzte maiatzean urtero ospatu ohi dituzten jaiak. Azken bi urteetan osasun egoeragatik ezer antolatu ez badute ere, aurten berriz ospatzea erabaki dute. Larunbaterako eta iganderako prestatu dituzte auzoko jaiak ospatzeko ekintzak.
Larunbateko Gazte Gauarekin ekingo diete festei Floreagan. 23:30etik aurrera, DJ Kanuttok girotuko du auzoko Floreaga Berri taberna. Igandean, berriz, Gurutzetxoko XXXVIII. Krosa egingo dute. 2008tik 2017ra bitartean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute lasterketan, 11:00etatik aurrera. Lasterketetarako izen-ematea auzoko tabernan egin beharko da igandean bertan, 09:30etik 10:45era bitartean.
Bost mailatan banatuko dute aurten Gurutzetxoko krosa: 2017an jaiotako haurren lasterketa egingo dute lehenik; 2014 eta 2016 urteen artean jaiotakoena ondoren; 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoena gero; 2010 eta 2011 urteetan jaiotakoena izango da eguneko laugarren lasterketa, eta azken proba, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek osatuko dute.
Haurren lasterketaren ondoren, bazkaria egingo dute Floreaga Berri tabernan, 14:30ean. Paella eta oilaskoa bazkalduko dituzte, eta bazkalostean, Olarte eta Larrañaga trikitilariek erromeria giroa sortuko dute. Bazkarirako izena ematea ezinbestekoa da, eta horretarako, 658 060 363 telefono zenbakira deitu beharko da. 15:00etatik aurrera, berriz, haurrentzako puzgarriak jarriko dituzte auzoko tabernaren ondoan.