Sofa eta Lepora musika taldeak Matadeiko agertokira igoko dira larunbatean

Andoni Elduaien 2022ko api. 26a, 08:45

Sofa musika taldea izango da eguneko protagonistetako bat. (Sofa)

Zarauzko eta Gasteizko musika taldeak arituko dira larunbat gauean Matadeixen, 22:00etatik aurrera. Kontzertuak ikusteko sarrera 7 euro ordaindu beharko da Matadeixerako sarreran.

Datorren larunbatean, apirilak 30, Matadeixen kontzertu bana eskainiko dute Sofa eta Lepora musika taldeek. 22:00etan hasiko da emanaldia, eta bi taldeen kontzertua ikusteko sarrera 7 euro ordaindu beharko da Matadeixerako sarreran.

Sofa musika taldea Zarautzen sortu zen. Hasiera batean hirukote instrumentala bazen ere, apirilaren hasieran kaleratu zuten Krispetak izeneko diskoan ahotsa ere erabili dute beraien abestiak osatzeko. 2015ean eta 2017an plazaratu zituzten lehenengo bi diskoak, eta hainbat kontzertu eskaini dituzte harrezkero lan horiekin Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian. Azken lana Bonberenea Ekintzak eta BCore zigiluen arteko koedizioa da. Zortzi abestiz osatu dute diskoa, eta hura aurkeztuko dute Matadeixeko agertokian.

Lepora musika taldea, berriz, Gasteizko laukote batek osatzen du, eta 2020an kaleratu zuen Lepora izeneko lehen lana Bonberenea Ekintzak zigiluarekin. Taldeak 2-3 urteko ibilbidea du, eta disko horretarako zortzi abesti grabatu zituzten. 90eko hamarkadako hainbat rock modu nabarmentzen dira beren abestietan, baita taldekideek aurrez jo izan duten taldeen arrastoa ere. Hitzek islatzen dituzte, besteak beste, egungo bizimodua, immigrazioaren kalbarioa, boterearen mehatxuak, erlazioak edota komunikatzeko zailtasunak. Letra guztiak Leporak idatzitakoak dira, gainera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide