Haurren danborrada, eguraldiak baldintzatuta

Mailo Oiarzabal 2022ko api. 21a, 12:35

Gaur egingo dute azken entsegua umeen danborradarako. Irudian, martxoaren 30ean egin zutena. (Andoni Elduaien)

Euri aurreikuspena dela eta, zapatuko desfilearen ibilbidea moztea erabaki dute dagoeneko antolatzaileek. Hala ere, baliteke azkenean danborrada osorik Gurea pilotalekuan egitea. Kaleko aukera mantenduz gero, frontoi aurretik irtengo da danborrada.

COVID-19aren pandemiak eragindako bi urteko etenaren ondoren, Azkoitiko haurren danborradak ez du hutsik egingo larunbat arratsaldean, baina dagoeneko jakina da umeen danbor festa ezin izango dela nahi eta aurreikusi bezala egin.

Euria espero da zapatu arratsalderako ere, eta horrek erabat baldintzatuko du festaren nolakoa. Udalak aurreratu du Tata Elkarteak, erakundearen laguntzarekin danborrada antolatzen ari denak, erabaki duela "onenean" ibilbide laburragoa izango duela umeen danborradak; eta "sekulako jasa" egingo balu, berriz, kalez kale egin beharrean, Gurea pilotalekuan egingo dute festa. Kaleko aukera mantenduz gero ere, frontoi aurretik irtengo da danborrada.

"Azken unera arte ezingo dute bi aukeren artean erabaki. Helburua da kalera atera ahal izatea, eta badaezpada, udalak prest ditu haurrentzat zirak, busti ez daitezen", azaldu du erakundeak.

Gaur egingo dute danborradako prestatzeko azken entsegua Gurea pilotalekuan.

225 haur eta bost konpainia

225 haurrek hartuko dute parte aurten umeen danborradan. Bost konpainiatan banatuta irtengo dira, gastadoreekin eta sukaldari txikiekin batera.

Danborrada kalean egiten badute, hau izango da desfileak osatuko duen ibilbidea: Gurea pilotalekutik abiatuta, Kale Nagusia zeharkatu eta Balda plazara iritsi, eta geldialdia egingo dute han, bi pieza jotzeko; bueltako bidea egingo dute ondoren, Plazaberritik eta Kale Nagusitik, herriko plazara iritsi eta han bigarren geldialdia egiteko; plazan hiruzpalau pieza jo, eta Gurea frontoita itzuliko dira danbor-jotzaileak, Kale Nagusian eta Aingeru kalean zehar; Gurean egingo dute hirugarren eta azken geldialdia, baita luzeena ere, zazpi pieza jotzeko. Danborrada bukatutakoan, merienda emango diete parte-hartzaile guztiei, Gurean bertan.

17:00etan hasiko da danborrada Gurean, baina parte hartuko duten haurrak 16:30erako elkartuko dira pilotalekuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide