GI-631 errepideko bigarren zatiaren proiektuaren idazketa lizitatu dutela jakinarazi du Aldundiak Azkoitira egin duen bisitan

Ane Olaizola eta Mireia Galarza 2022ko api. 13a, 15:00

Etorkizuna Eraikiz kapsulak herrian jasotako ekarpenak aurkeztu ditu Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, gaur, Azkoitian, eta jakinarazi du batez ere azpiegiturei, euskarari eta gazteei lotutako proposamenak jaso dituztela. Era berean, GI-631 errepideko lanen berri emateko aprobetxatu du Aldundiak herrira egindako bisita.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz kapsulak Azkoitian geldialdia egin zuen joan zen urriaren 7an, herritarrek lurraldearen etorkizunaren inguruan zituzten ekarpenak jasotzeko asmoz. Ekarpen horiek aztertu ondoren, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak jasotakoaren berri eman dio gaur, asteazkena, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateari.

Olanok eta Zubizarretak ez ezik, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak eta Ana Azkoitia herriko alkateordeak agerraldia egin dute saioaren ondotik, eta diputatu nagusiak azaldu du guztira 85 azkoitiarren ekarpenak jaso dituztela egitasmo horren barruan. "Nolakoa izatea nahi duzu Gipuzkoa 2040an?" zen herritarrek erantzun behar zuten galdera, eta Olanok jakinarazi duenez, batez ere azpiegituren, euskararen eta gazteen inguruko proposamenak izan dira haiek helarazi dituztenak. Era berean, ekonomiarekin, ongizatearekin, gizarte politikekin eta kulturarekin lotutako ekarpenak ere jaso ditu Aldundiak. Zehazki, herrian parke gehiago egotea, skate parkea edota euskara gehiago erabiltzea desio dute azkoitiarrek.

Zubizarretak egitasmoa goraipatu du bere hitzartzean, eta herritarren parte hartzearen bidez aurrera daramatzaten Etorkizuna Eraikiz edota Herrilab+700 egitasmoek erakundeek "kudeaketan eta erabakiak hartzen" laguntzen dietela azpimarratu du: "Entzute aktibo bat ari gara egiten, etengabe, egunero gaudelako harremanetan gure bizilagunekin. Bitarteko horiei esker, herritarren aurrean irekitzen gara, haiengana hurbiltzen gara eta elkarlanerako gobernantza bat sustatzen dugu, non denok sentitzen garen partaide".

Olanoren hitzetan ere "tresna eraginkorra" izaten ari da Etorkizuna Eraikiz egitasmoa; guztira, 21 udalerritan eta lau unibertsitate-campusetan izan da aldundia herritarren ekarpenak jasotzen, eta Aldundiaren arabera, 3.000 ekarpen baino gehiago jaso dituzte. "Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko 2016an proiektua abiatu zenetik, herritarren 125 proiektu bultzatu ditugu; abian daude 32 proiektu esperimental. Eta bederatzi erreferentzia-zentro garatu ditugu, erronka sozial eta ekonomiko guztietan eragiteko".

GI-631 errepideko lanak, "martxa onean"

Etorkizuna Eraikiz kapsularen Azkoitiko emaitzen berri ematearekin batera, Aldundiak herrira egin duen bisita probestu du herritarrei jakinarazteko aste honetan lizitatu dituela Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepideko lanen bigarren zatia egiteko proiektuaren idazketa. Azkoitia eta Aizpurutxo arteko tarteari dagokio bigarren zatiak, eta 1.450 metroko luzera hartzen du. Han ere "zabaldu eta hobetu" egingo dute errepide zatia: "Errepidearen plataforma zabalduko dugu, harik eta aurrea hartzeko balioko duen hirugarren errei bat eduki arte; aurrena Urretxurako noranzkoan, eta ondoren, kontrakoan. Era berean, zenbait baserritarako sarbide baten segurtasun baldintzak hobetuko dira". Hori guztia egiteko, aurretik dagoen plataforma "ahalik eta gehien" aprobetxatuko dute, jakin badakien arren geologiari lotutako "zailtasun handiak" daudela. Obren bigarren zatia idazteko lizitazioak zazpi hilabeteko epea izango du, eta 103.818 euroko aurrekontua.

GI-631 errepideko lehenengo zatiko lanak, berriz, "martxa onean" doazela azaldu du Aldundiak, eta urtea amaitu baino lehen amaitzea aurreikusten dutela adierazi du Olanok. Hain zuzen ere, proiektuak duen garrantzia azpimarratu du diputatu nagusiak, lanen bidez ibilgailuen joan-etorrien "segurtasuna eta erosotasuna" hobetuko delako. Era berean, 13 kilometroko luzera duen errepidean egingo duten proiektua "lurralde orekaren aldeko apustua" dela gaineratu du, lanei esker Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeek beren konexioak indartuko dituztelakoan. "Errepide sare eroso, moderno eta seguru bat izatea funtsezkoa da enpresentzat eta egunero beren lantokietara joaten diren langile guztientzat", adierazi du.

GI-631 errepidea hobetzeko proiektua 2020an hasi zen Aizpurutxo auzoko zeharbidea hobetzeko lanekin. Guztira, 45,5 milioi euroko aurrekontu osoa du proiektuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide