Juan Luis Zabala idazle azkoitiarrak liburu berri bat kaleratu du: Mina hartzeko ere. Aurrez dozenaka lan plazaratu baditu ere, bere ibilbideko bigarren poesia liburua du aurten argitaratu duena; aurrena Hautsia natza (2000, Euskaltzaindia BBK) izan zen, eta, horrez gain, Ez dut nik asmatu olerki bilduma ere idatzi zuen Booktegi plataformarako —lotura honetan deskargatu daiteke bilduma—. Susa argitaletxearekin atera du liburua Zabalak, eta gaur, astelehena, izan da aurkezpena Donostiako Udal Liburutegian.
Leire Lopez Susako editorea izan da hitza hartzen lehena, eta hark adierazi duenez, 58 olerkiz osatutako liburua da Mina hartzeko ere. "Nitik idatzita daude olerki gehienak, nahiz eta badiren bigarren edo hirugarren pertsona erabiltzen dutenak ere. Denak segidan emanak daude, eta horrek liburua osotasun batean irakurtzera eraman nau ni". Lopezek "beldurra" eta "konformidadea" kontzeptuak aipatu ditu Zabalaren lanaz aritzean: "Badago liburua zeharkatzen duen tonu orokor bat, beldur bat, eszeptizismo bat bizitzaren zailtasunekin lotua, eta horien aurrean bilatutako konformidade bat".
Lopezen esanetan badira, halaber, Mina hartzeko ere liburuan agertzen diren beste gai batzuk; esaterako, hizkuntzarena: "Badago hizkuntzarekin lotutako kezka bat liburu osoan, poemen idazkeran ere nabaritzen dena; adibidez, hitzen edo esapideen aukeraketan. Badaude norbere buruari gogor egiten dioten poemak ere, autoironia printzekin". Era berean, liburuak "bizitzari aurre egiteko modu bat" transmititzen duela adierazi du Susako editoreak.
"Poema koldarrak"
Zabalak adierazi duenez, "alde handia" dago hark idatzi zuen lehen poesia liburutik hona, "adinagatik eta bizitzari buruzko esperientziagatik". Mina hartzeko ere liburuak azpi-izenbururik edukiko balu, Poema koldarrak litzatekeela azaldu du hark: "Beldurra da poema guztiak zeharkatzen dituen gai nagusia neurri handi batean. Beldurra minari, zahartzeari, gaixotzeari, ingurukoak hiltzeari, giza harremanetako gaizki ulertuei, nostalgiaren nagusitasunari...". Beldur horren aurrean "distantziamendua" dagoela jakinarazi du Zabalak, "bizitzari zirrikitu bat irekitzeko gogoa".
Ildo horretatik, beste kontzeptu bat mahaigaineratu du azkoitiarrak: konformidadea. "Arazo bat dagoenean, konpondu badaiteke, onena horri aurre egitea dela esaten da, eta konponezina bada, konformidadea dela dagokiguna". Bestalde, hizkuntzaren kontuak liburuan duen garrantzia ere nabarmendu du idazleak: "Saiatu naiz, astuna izan gabe, oso euskararenak diren eta erdaretan itzulpenik ez duten formulak erabiltzen; horietako bat da 'Mina hartzeko ere'". Esamolde hori "galtzeko zorian" dagoela nabarmendu du Zabalak.
Olerkiak, Gariren diskoan
Gari musikariak liburuko hiru poema musikatu ditu, eta Beste Denbora Batean diskoan ageri dira. Horietako biren izenburuak Esan eta Jaioterria dira diskoan; hirugarren kantua, Zerua, Interneten entzun daiteke. "Pozgarria da musikariek gure poemak musikatzea, eta, noski, horretara animatzen ditut".
Bestalde, bitxikieria moduan Zabalak azaldu du "literaturaren aurrean zuen jarrera" aldatu egin dela idazten hasi zenetik hona: "Liburuak argitaratzen hasi nintzenean nuen sentsazioa zen euskararen aldeko zerbait zela liburuak idaztea, eta, orain, kultura bati laguntzen ari naizen sentsazioa ez da hain nabarmena".
Abenduan 37 urte beteko dira Zabalak bere lehen liburua argitaratu zuenetik: Zigarrokin ziztrin baten azken keak (1987, Elkar); orain, zientzia fizkiozko liburu bat idazten ari da. Idazleak dio egun ez dela garai batean bezain "estu atxikia" sentitzen idazterakoan, Galdu arte edo Txistu eta biok lanekin zegoen bezala.