Emantzipazioa lantzeko, gazteentzako jokoak izango dira apirilaren 9an

Julene Frantzesena 2022ko mar. 30a, 15:02

Garazi Etxaniz eta Leire Lizarralde iazko irabazleak, Garazi Uriarte Googazen antolatzailea eta Sonia Vazquez Kultura zinegotzia. (Azkoitiko Udala)

Googaz mugimenduak Deabru Jokoak antolatu ditu aurtengoan. 18 eta 30 urte artean dituzten herritarrek parte hartu ahal izango dute jokoan, bizpahiru laguneko taldea osatuta. Dagoeneko eman daiteke erronkarako jokoa. Iaz Azkoitiko talde batek irabazi zuen Googazek antolatutako jokoaren edizioa.

Googaz mugimenduak Deabru Jokoak antolatu ditu aurtengoan, eta Azkoitian geldialdia egingo dute horiek. Emantzipazioa izango da apirilaren 9an Azkoitian egingo den erronkaren gaia; hain zuzen ere, lehiaketa txiki edo antzinako jokoen bidez, ideia onenak sarituko dituzte. 18 eta 30 urte artean dituzten herritarrek parte hartu ahal izango dute jokoan, bizpahiru laguneko taldea osatuta, eta horiek dagoeneko eman dezakete izena Googazen webgunean.

Azkoitiko hitzorduan, taldeak elkarren aurka ariko dira, Anbotoko Mariren kondairan oinarritutako jokoak eginez. Hala azaldu dute jokoaren sustatzaileek: "Umetako jokoak pasatzea lortzen duten taldeak emantzipaziotik gero eta hurbilago egongo dira, eta talde irabazleek emantzipazioa lortuko dute; hor dago erronka". Herrian hainbat kaxa jarriko dituzte, eta kaxa horietan sartuko dira taldeak. Umetako euskal jolasak egin beharko dituzte parte-hartzaileek; izan ere, antolatzaileen arabera, kaxek haurtzaroa eta gurasoen babesa irudikatuko dituzte. "Inguruan, deabruak ibiliko dira, eta deabruek kutxetatik aterako dituzte gazteak; horretarako, baina, jokoak irabazi beharko dituzte gazteek".

Herrikako lehiak maiatzera bitartean jokatuko dituzte, eta herri bakoitzeko talde irabazlea Lurralde Kopara sailkatuko da. Uda aurretik jokatuko dute kopa, eta emantzipaziorako ideiak landuko dituzte fase horretan. Lurraldeko Kopa irabazten duen taldeak Afrikara bidaia eskuratuko du. Iaz Azkoitiko talde bat izan zen garaile –Ainhoa Sorazuk, Leire Lizarraldek eta Garazi Etxanizek irabazi zuten lehia–, eta Europan bidaia egiteko parada izan zuten.

Gazteek gazteentzat sortutako mugimendua da Googaz, eta urtero gizarte erronka bat lantzen du jolas bidez. Aurreko edizioetan ekintzailetza, garapen jasangarria eta tokiko merkataritza landu dituzte; aurten, berriz, emantzipazioa izango dute ardatz. "16 eta 29 urte bitarteko gazteen %22,6 soilik bizi da gurasoen etxetik kanpo. Hau da, 30 urtetik beherako 4 gaztetatik 1ek baino ez du lortu emantzipatzea. Gai hori
arazo bat da Euskadiko gazteentzat, eta ezinbestekoa ikusten dugu gazteak erronka horretarako sortzen diren irtenbideen parte izatea", azaldu dute Deabru Jokoen antolatzaileek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide