Idiakez Ederra etxearen salmenta "eginda" dagoela adierazi du udalak

Julene Frantzesena 2022ko mar. 29a, 13:58

Idiakez Ederra etxea. (Andoni Elduaien)

Altuna y Uria, Teusa eta Campezo enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkartearen proposamena izan da salerosketara aurkeztutako bakarra, eta Kontratazio Mahaiak ontzat eman du hori. Salerosketa gauzatzeko hainbat urrats egin beharko dituzte bai enpresek, bai udalak, baina erakundeak adierazi duenez, salmenta ez gauzatzeko aukerak "oso urriak" dira.

Azkoitiko Udaleko Kontratazio Mahaiak gaur goizean eman dio onarpena Idiakez Ederra edo Nagusia 80 etxearen salerosketarako lizitaziora aurkeztutako proposamenari. "Udala eraikin enblematikoaren salmenta egina dagoela aurreratzeko moduan da", azaldu du erakundeak. Izan ere, Altuna y Uria, Teusa eta Campezo enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkartearen proposamena izan da salerosketara aurkeztutako bakarra, eta harexena izango da aurrerantzean etxea.

Dena den, salerosketa gauzatzeko hainbat urrats egin beharko dituzte bai enpresek, bai udalak. Hain zuzen ere, datozen hamar egunetan dokumentazioa aurkeztu beharko du aldi baterako enpresa elkarteak, eta Azkoitiko Udalak, berriz, apirilaren 28ko udalbatzarrean eman beharko dio salmentari baiezkoa. Urrats horiek eginda, notarioaren aurrean sinatu beharko dituzte eskriturak bi aldeek. Udalak azaldu duenez, salerosketa ez gauzatzeko aukerak "oso urriak eta irrealak" dira. Horretarako enpresek dokumentazioa ez aurkeztea edo udalbatzarrak salmenta ez onartzea gertatu beharko lukeela azaldu du erakundeak.

Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 41.076,86 eurokoa zen, baina eskaintza 50.000 eurokoa izan da. Eraikitze kostu zuzenak 3.000.000 euro ingurukoak dira, eta eroslea derrigortuta dago babestutako elementuak birgaitzera eta horiei balioa ematera. Altuna y Uria, Teusa eta Campezo enpresek, gehienez, hamasei etxebizitza libre eraiki ahal izango dituzte Idiakez Ederra etxean. Beheko lokala udalarena izango da, eta han Jubilatuen Etxea kokatuko duela esana du erakundeak.

1619an eraikitako eraikin historikoa da Idiakez Ederra etxea, eta Kultur Ondasun moduan izendatuta dago. Ondorioz, udalak hainbat oztopo izan ditu azken urteetan eraikin horri aterabide bat topatzeko. Hain zuzen ere, 2020ko martxoan, Visesak lizitaziora atera zituen obrak babestutako etxebizitzak egiteko. Halere, uztailean sozietateak hitzarmena bertan behera utzi zuen, eta udalak hutsetik hasi behar izan zuen Nagusia 80 eraikinaren proiektua. Hori hala, erakundeak ekimen pribatuari "aukera ematea" erabaki zuen urtarrilean, bertan etxebizitza libreak eraiki ahal izateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide