Gazteriak Pazko Asterako ekintzak antolatu ditu

Andoni Elduaien 2022ko mar. 23a, 09:06

Mendexa abentura parkea ezagutzeko aukera izango dute gaztetxoek. (Mendexa abentura parkea)

Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi topalekuak apirilaren 19tik 22ra bitartean gauzatzeko ekintzak antolatu dituzte haurrentzat eta gaztetxoentzat. Era berean, bestelako tailerrak eta ikastaroak egiteko aukera ere izango da egun horietan guztietan Elkargunean.

Pazko Asterako ekintzak antolatu ditu Azkoitiko Gazteria Sailak. Abarketatxo ludotekak eta Artxamendi topalekuak irteerak egingo dituzte apirilaren 19tik 22ra bitartean. Bien ala bien kasuan, izena eman beharko da aurrez, ekintza horietan parte hartzeko plazak mugatuak direla jakinarazi baitute arduradunek. Ekintza bakoitzak bere prezioa izango du, eta ordainketa izena ematerakoan egin beharko da.

Abarketatxo ludotekak lau irteera egingo ditu: apirilaren 19an, Zestoara egingo dute egunpasa; apirilaren 20an, ibilaldia egingo dute Zarautz eta Getaria artean; apirilaren 21ean, Mendexako (Bizkaia) Mendexa abentura parkeaz gozatzeko aukera izango dute; eta apirilaren 22an, mendi martxa neurtua egingo dute. Ludotekako bazkideentzat izena emateko epea irekita dago gaurtik ostiralera bitartean, eta Gazte Zerbitzu Bulegoan egin beharko da parte hartu nahi den irteeretarako inskripzioa. Ludotekako bazkide ez direnentzat, berriz, datorren astelehenean irekiko dute. Nabarmendu dute pertsonako gehienez hiru izen-emate onartuko dituztela, plazak mugatuak baitira.

Artxamendi topalekuak, berriz, udaberriko beste lau ekintza antolatu ditu egun horietarako: apirilaren 19an, paintball-era joango dira; apirilaren 20an, ibilaldia egingo dute Zarautz eta Zumaia artean; apirilaren 21ean, Mendexa abentura parkea ezagutuko dute; eta apirilaren 22an, mendi martxa neurtua osatu beharko dute. Izena eman nahi dutenek Gazteria Zerbitzu Bulegoan egin beharko dute, martxoaren 29tik apirilaren 5era bitartean. Topalekuko arduradunek adierazi dute irteeretarako plazak mugatuak direla, eta izen-emate ordena errespetatuko dutela. Era berean, gutxieneko talde bat osatzea nahitaezkoa izango da irteera egin ahal izateko.

Beste ikastaroak

Elkarguneak beste zenbait ikastaro ere antolatu ditu Pazko Asterako. Hain zuzen ere, honako tailer hauek egiteko aukera egongo da Elkarguneko Teknogunean: bideo-jokoak programatzeko Kodeka ikastaroa –LH3 eta LH5 nahiz LH6 eta DBH4–, marrazketa artistikoaren ikastaroa –LH4 eta DBH4–, ilustrazio marrazketaren ikastaroa –LH6 eta DBH4–, eskuzko arte txokoaren tailerra –LH4 eta LH6– eta brikolajeko esku lanen ikastaroa –LH4 eta DBH2–. Izen-ematea irekita dago apirilaren 10era bitartean, eta Elkargunearen webgunearen bitartez egin beharko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide