Aurrera jarraitzen dute Txerloiako tenis pistak estaltzeko lanek. Duela hogei egun, martxoaren 1ean, hasi zituzten lanak Txerloian eta han dauden hiru pistetako bat estaliko dute, hain zuzen ere, GI-631 errepidearen beste aldean dagoen pistan. 36x18 metroko dimentsioa du pistak, eta orotara, 650 metro koadroko azalera. Pista hori estaltzeko lanek 474.986 euroko aurrekontua dute, eta udalak uda aurretik amaitzea aurreikusten du.
Egur laminatudun egitura ari dira jartzen tenis pistaren bueltan, eta panel konposatuarekin estaliko dute pista. Itxitura, berriz, beirazkoa eta zulatutako xaflazkoa izango da. Udalak azaldu duenez, erakundea Txerloia tenis klubarekin harremanetan egon da estalduraren diseinua eta ezaugarriak adosteko. Gainera, udalak aurreratu duenez, pistaren sarrera lekuz aldatuko dute irisgarritasuna bermatzeko.