Azkoitia-Azpeitia ISBk aurrerapauso handia eman du mailari eusteko bidean

Andoni Elduaien 2022ko mar. 21a, 10:28

Anisha George ISBko jokalaria, Azkoitian. (Mikel 'Otola')

Azkoitia-Azpeitia ISBk galdu egin zuen ostiraleko neurketa, baina irabazi atzo, igandean, jokatutakoa. Juaristi ISBk, berriz, porrot gogorra jaso zuen atzo CB Prat taldearen aurkako neurketan.

Iraurgi Saskibaloiaren lehen bi talde nagusiek hiru partida jokatu dituzte azken hiru egunetan. Azkoitia-Azpeitia ISBk ostiralean eta atzo, igandea, jokatu zituen partidak. Ostiralean, Celta Zorka Recalvi taldearen aurka jokatu zuen 27. jardunaldiari lotutako partida, eta 70 eta 85 galdu zuen Azpeitiko kiroldegian. Atzo, berriz, 93 eta 79 irabazi zion Lima-Horta Barcelona taldeari Elkargunean. Juaristi ISBk, ostera, CB Prat taldearen aurkako neurketa jokatu zuen atzo, eta 96 eta 78 galdu zuen.

Azkoitia-Azpeitia ISBren ostiraleko neurketan, Celta Zorka Recalvi Galiziako taldeak lehen laurdenerako hautsi zue lehia Azpeitian. Bigarren laurden hobea egin zuten Andoni Lazkanoren neskek, baina hirugarren laurdenerako erdi erabakita utzi zuten bisitariek neurketa, ISBren aukera guztiak murriztuz. Juana Maria Molina izan zen ISBko jokalari onena, 20 puntu eta 24ko balorazioa eskuratuta.

Atzo, berriz, Azkoitiko Elkargunean jokatu zuen Azkoitia-Azpeitia ISBk, eta beste aurpegi bat erakutsi zuen taldeak. 20. jardunaldian bertan behera gelditu zen partida berreskuratu zuten bi taldeek, eta garaipen garrantzitsua lortu zuen Lazkanok zuzentzen duen taldeak; 93 eta 79 irabazi zion ISBk Lima-Horta Barcelona taldeari. Lehen hiru laurdenetan nagusitu ziren neskak Azkoitian, eta azken laurdenaren hasierara hamazazpi puntuko errentarekin iritsi ziren. Marguerite Effa pibota izan zen taldeko onena, 18 puntu eta 22ko balorazioa eskuratuta.

Azkoitia-Azpeitia ISB sailkapeneko hamalaugarrena da orain, zazpi garaipenekin. Gaur-gaurkoz hiru partidako aldea du jaitsiera postuak markatzen dituen Hierros Diaz Extremadura Miral taldearekiko. Denboraldia amaitzeko hiru partida besterik ez zazkie gelditzen neskei, eta datorren larunbatean, Advisoria Mataro Maresme sailkapeneko azken taldearen aurka jokatuko dute 17:00etan, Mataron (Herrialde Katalanak).

Juaristi ISBk ezin

CB Prat taldearen aurkako lehia jokatu zuen atzo Juaristi ISBk Prat de Llobregaten (Herrialde Katalanak). Asteazkenean Azpeitian Palmer Alma Mediterranea Palma menderatuta, mailari eusteko beste urrats bat egin nahi zuen Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak atzo, baina aurpegirik txarrena erakutsi zuen Urrezko LEB ligan jarraitu ahal izateko arerio izango duen CB Praten aurka.

Lehen laurdenean egin zuen ihes etxeko taldeak, eta bigarrenean, gainera, lehen laurdeneko abantaila areagotu zuten. Atsedenaldiaren aurretik 62 puntu saskiratu zituen CB Pratek; Juaristik, berriz, 37. Atsedenaldirako partidak ihes egin zion, beraz, Jimenezen taldeari. Aldageletatik bueltan hobeto aritu zen ISB, baina garaipena lortzeko borrokatik oso urrun egon zen. Atzo, Ondrej Hanzlik izan zen taldeko jokalari onena, 18 puntu saskiratuta eta 18ko balorazioa lortuta.

Datorren igandean, Azkoitiko Elkargunean jokatuko du Juaristi ISBk, Tau Castello taldearen aurka. 17:00etan hasiko da lehia. Castelloko taldea play-off postuengatik ari da egun borrokan, eta sailkapeneko zortzigarrena da..

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide