Aise irabazi du Juaristi ISBk Palmer Alma Mediterranea Palmaren aurkako partida

Andoni Elduaien 2022ko mar. 17a, 09:00

Ierai Aizpitarte izan zen partidako protagonistetako bat. (Mikel 'Otola')

Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak 21 puntuko aldeagatik menderatu zuen atzo, asteazkena, jaitsiera postuetan dagoen Palmako (Herrialde Katalanak) taldea. Igandean txapelketako aurkari zuzenenetako baten etxean jokatuko du ISBk.

Juaristi ISBk 101 eta 80 irabazi zion atzo, asteazkena, Palmer Alma Mediterranea Palma taldeari Azpeitiko kiroldegian. Iñaki Jimenez entrenatzaileak gidatzen duen taldeak egun jaitsiera postuetan dagoen taldea izan zuen aurrean, eta Urrezko LEB Ligari eusteko urrats garrantzitsua egin zuen arerio zuzenetako bat mendean hartuta. Atzoko lehia irabazita, Palmako taldeak (Herrialde Katalanak) baino lau garaipen gehiago ditu orain ISBk.

Lehen bi laurdenak oso parekatuak izan ziren kiroldegian; izan ere, atsedenaldira 44 eta 42 iritsi zen aurretik Juaristi ISB. Pavel Savkov eta Ierai Aizpitarte izan ziren taldearen puntu iturri nagusienak. Aizpitarte azpeitiarrak bigarren laurdeneko minutu guztiak jokatu zituen, eta bera izan zen taldeko protagonista nagusia. Lau biko saskiratze eta bi hiruko lortu zituen joko antolatzaileak, eta hamalau puntu eman zizkion ISBri.

Aldagaletatik bueltan hautsi zuen neurketa Azkoiti-Azpeitiko taldeak, azken laurdenean bereziki. Juaristi ISBk,  Sergio Mendiola pibotaren eskutik, saskitik gertu aurkitu zuen puntuak egiteko bidea. Azken laurdena hasi aurretik zazpi puntuko errenta zuen Jimenezen taldeak. Garaipena bideratuta zuen ISBk, baina, azken laurdenean goitik behera nagusitu zen Juaristi ISB; Palmako taldeari ez zion partidan sartzeko aukerarik eman. Beñat Heviak eta Menno Dijkstrak 11na puntu saskiratu zituzten azken hamar minutuetan eta bederatzi Savkovek; ISBk eskuratu zituen 35 puntuetatik 31 lortu zituzten hiru jokalari horien artean. Balorazioari dagokionez, Savkov (27), Hevia (22) eta Mendiola (21) izan ziren atzo ISBko jokalari nabarmenenak.

23 partida jokatuta, bederatzi garaipen ditu egun Juaristi ISBk, jaitsiera postuetan dagoen CB Prat taldeak baino garaipen bat gehiago. Hain zuzen ere, CB Prat taldearekin du ISBk hurrengo hitzordua. Igandean, Prat del Llobregaten (Herrialde Katalanak) jokatuko dute, 19:00etan hasita. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide