Datorren igandean, martxoak 20, Elkar+ekin gara! ekimenaren barruan, Elkar+ekin dantzan ekintza egingo dute Euskal Herriko herri eta hirietan. EIBE Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistema elkarteak sustatu du ekimena, eta elkarteen zein boluntarioen lanari balioa ematea da helburua. Horretarako, dantza ekimena antolatu dute Euskal Herri osorako, herriz herriko dantza taldeekin eta eskolekin elkarlanean.
Azkoitiko Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako kideek ere parte hartuko dute ekimenean. Igandean, 11:00etan, herriko plaza nagusian elkartuko dira eskolako kideak dantza egiteko. Hiru dantza mota prestatu dituzte ekimenaren sustatzaileek: euskal dantza urratsekin, mutxiko erara dantzatuta eta dantza garaikidea. Bizkargi eskolako ikasleek hiru dantzak eskainiko dituzte jendaurrean, eta ekimenaren grabazioan parte hartuko dute.
Ekimenaren nondik norakoak
Igandean, 11:00etatik 12:30era bitartean gauzatuko dute ekimena Euskal Herri osoan, eta herri bakoitzak 3 edo 4 minutuko tartea izango du dantzarako. Hiru dantza egingo dituzte txoko guztietan, Martxa baten lehen notak abestiak lagunduta. Hain zuzen ere, Olatz Salvadorri eta Bihotx taldeari eskatu diote abesti originalaren dantzarako bertsioa egiteko.
Dantza eginez, elkarteen eta boluntarioen lana aitortu nahi dute, dantzan boluntarioak zaindu eta formatu behar direla aldarrikatzeko. Era berean, komunitateko ekintzetan herritarren parte hartzea sustatu nahi dute dantza eginez. 50 edo 60 eskualdetan, dantza taldeetako zein elkarteetako 10.000 herritar jarri nahi dituzte dantzan.