Asteburua ederra izan da Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusientzat, garaipen garrantzitsu bana lortu baitute gizonek eta emakumeek.
Atzo, Azpeitian, Juaristi ISBk Urrezko LEB ligaren sasoi honetako zortzigarren garaipena eskuratu zuen. HLA Alicante 85 eta 69 gainditu zuen Iñaki Jimenezen taldeak, 23. jardunaldiko partidan; hala ere, neurketa bat gutxiago jokatu dute oraingoz Iraurgikoek. Partida hasieran eta atsedenaldiaren ondoren egin zuen markagailuan zuloa Iraurgik. Lehen laurdena sei puntuko aldearekin bukatu zuten Jimenezenek (25-19), eta bigarrenean aurretik eutsi zioten, Alacantekoek (Herrialde Katalanak) aldea puntu bat murriztea lortu arren. 44-39 amaitu zen, horrenbestez, lehen zatia. Atsedenaldiak on egin zion Juaristi ISBri, hirugarren laurdenean lortu baitzuen partidako partzialik garbiena (20-11). Hamalau puntuko koltxoiarekin ekin zioten azken laurdenari etxekoek, eta ez zuten arazorik izan garaipena borobiltzeko, 21 eta 19ko azken partzialarekin. Dijkstra (18 puntu, bost errebote eta asistentzia bat) eta Cissoko (14 puntu, sei errebote eta bost asistentzia) izan ziren atzo Iraurgikoen artean gehien nabarmendu ziren jokalariak.
Partida bat gutxiagorekin, 30 puntu ditu Juaristi ISBk eta hamabosgarren tokian dago sailkapenean (hemezortzi talde ari dira lehian). Datorren asteazkenean, berriro etxean jokatuko du Juaristi ISBk. 20:30ean hasita, Palma hartuko du Azpeitiko kiroldegian.
Aurkari zuzenaren etxean nagusi
Garaipen garrantzitsua lortu du, halaber, Azkoitia-Azpeitia ISBk. Badalonan (Bartzelona, Katalunia) jokatu du gaur eguerdian Andoni Lazkanoren taldeak, sailkapenaren atzeko tokietan justu aurretik duen Joventuten kantxan, eta 50 eta 64 irabazi du.
Lehen zatian parekatuago eta bigarrengoan alde nabarmenagoarekin, baina lehen laurdeneik markagailuan lortu duen abantailari ez dio ihes egiten utzi partida osoan Iraurgik. Atsedenaldian, 28 eta 29 aurretik ziren Azkoiti-Azpeitikoak (15-18 eta 13-11 izan dira lehen bi laurdenetako partzialak). Hirugarren laurdenean areagotzen hasi diren tartea (14-19) azken laurdenean areagotu dute (8-16), hamalau puntuko azken abantaila sinatu arte. Intza Lizarazu kapitaina izan da Badalonan Azkoitia-Azpeitia ISBren jokalari nabarmenena: 12 puntu saskiratu, lau errebote harrapatu eta bi asistentzia eman ditu azkoitiarrak.
LF Challenge ligaren 26. jardunaldiko partida zen gaurkoa, baina Juaristikoek bezala, Azkoitia-Azpeitia ISBkoek ere momentuz partida bat gutxiago dute jokatuta. Sei garaipen eta 31 punturekin, hamalaugarren postuan daude Lazkanorenak, sailkapeneko azken hirugarren tokian. Datorren ostiralean Azpeitian jokatuko du Azkoitia-Azpeitia ISBk hurrengo jardunaldiko partida. Celta izango du aurkaria, 20:30etik aurrera.