Gaur arratsaldean jokatu dituzte zegozkien ligako partidak Anaitasuna futbol klubeko bi talde nagusiek, eta jardunaldi borobila osatzea lortu dute gorritxoek, hiruna puntu gozo bezain garrantzitsu poltsikoratuta.
Emakumezkoen Euskal Ligan, Leioako Emakumeak taldea 3 eta 1 menderatu du Anaitasunak. Sailkapenaren goikaldeko postuetan dabilen taldea hartu dute Gorka Zubizarretarenek, gaurko neurketaren aurretik lau puntutara zituzten bizkaitarrak Anaitasunakoek.
Gol guztiak bigarren zatian iritsi dira. Lehen zatian, indarrak parekatuta egon dira, jokoaren ekimena banatuta, eta gol aukerarik apenas izan den aurreneko 45 minutuetan. Aldageletatik zelaira itzuli berritan, ordura arteko berdintasuna berehala hautsi dute etxekoek, Leire Ucinek 46. minutuan egin baitu bat eta hutsekoa. Hamar minutu baino lehen, 55.ean, sartu du Anaitasunak bigarren gola, Joneren burukada batekin. 77. minutuan iritsi da Leioakoen gola, eta 2 eta 1ekoarekin estutu egin dira kontuak. Gainera, bat gutxiagorekin jokatu behar izan ditu azken minutuak Zubizarretak zuzendutako taldeak, 88. minutuan txartel gorria ikusi baitu Loreak. Hala ere, Oihane Ucinek azken txanpan sartutako golari esker, 3 eta 1eko emaitza borobiltzeko gai izan dira gorritxoak.
Hogei partida jokatuta, 41 puntu ditu Anaitasunak, eta gaur, behintzat –jardunaldiko neurketa gehienak bihar jokatuko dira–, sailkapenaren bigarren postura igoko da. Talde bakarra dute aurretik azkoitiarrek, Euskal Ligan partidarik galdu gabe eta koska handiarekin nagusi dabilen Eibar; eta, hain zuzen ere, armaginen zelaian jokatuko du Anaitasunak datorren jardunaldian.
Etxetik kanpo, azkenean
Gehiegi luzatzen ari zen bolada txarrari agur esan dio gaur Espainiako Hirugarren Mailako Anaitasunak. Aspaldiko partez, Txerloiatik kanpo hiru puntu batzea lortu du Xabi Artetxeren taldeak, Amurrioren zelaian 3 eta 4 irabazita.
Azken emaitza ikusita bestela dirudien arren, Anaitasunak irabazteaz gain garaipen garbia lortuko zuela zirudien azken unera arte. Izan ere, 1 eta 4 aurretik zirela iritsi dira gorritxoak luzapenera, baina bukaera zoroa izan du partidak, eta bi gol egin dizkie Amurriok instant batean Azkoitiko taldeari, ziurtzat zuen beharrezko garaipena kolokan jartzeko zorian.
Azken minutu aldrebes horien aurretik, lehen zatiaren erdi aldetik aurrera abantailarekin ibili da Anaitasuna Basarteko zelaian. 22. minutuan egin du 0 eta 1ekoa Xabi Soraluzek, eta 0 eta 2koa partidako lehen ordu erdia betetzearekin bat lortu du Dani Marinek. 0-2 emaitzarekin, lanak aurreratuta zituela iritsi da atsedenaldira Artetxeren taldea. Bigarren zatian etxekoek aldea murrizte lortu dute 53. minutuan. 78.ean, ordea, Anaitasunaren hirugarren gola egin du Ander Arabaolazak. 1 eta 3koekin aldapa gora zuten neurketa etxekoek; eta 90. minutuan Jon Letamendiak 1 eta 4koa egin duenean, partida hortxe bukatuko zela ematen zuen. Gero, eguneko minutu zoroak etorri dira, baina Anaitasunaren zorionerako, etxekoak ez dira gai izan gorritxoek pilatutako abantaila guztia jateko.
31. jardunaldiko partida zen gaurkoa, eta Amurrion eskuratutako hiru puntuekin, sailkapenaren erdiko postuetan, 44 ditu Anaitasunak. Datorren asteburuan, Txerloian, Vitoria hartuko dute azkoitiarrek, sailkapenean pare-parean duten taldea.