Zuhaitz landaketa egin dute gaur, osteguna, Munoaundin. Azkoitiko Udalak Munoaundiko herri lurretan bertako basoa berreskuratzeko proiektua jarri zuen abian iazko urtearen amaieran, eta Urola Bizirik natur taldeak duela hilabete egin bezala, gaur herriko ikastetxeetako kideak joan dira zuhaitzak landatzera.
Artelatz ingurumen zerbitzuaren eskuartzearekin ari da udala proiektua aurrera eramaten, eta gaur, ehun ikasle baino gehiago aritu dira zuhaitzak landatzen. Floreaga Ikastetxea, Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa eta Izarraitz Lanbide Heziketa Agenda 2030 proiektuaren barruan ari dira Munoaundiko zuhaitz landaketa prozesuan parte hartzen. Hain zuzen ere, ikastetxe horietako ikasleak joan dira zuhaitzak landatzera. 11:00etatik 13:00etara bitartean egin dituzte lanak, eta udaleko nahiz Udal brigadako ordezkarien laguntza izan dute une oro.
Ikasleak bertako zuhaitzez osatutako basoa sortzeko urratsak hasi dira egiten. Aurrez lanketa bat egin dute ikastetxe guztietan, landatu beharreko zuhaitz eta zuhaixka horiek zeintzuk izan daitezkeen jakiteko. Duela bi aste, berriz, ikasle talde bat Munoaundira joan zen brigadako kideekin batera bideak markatzera. Udalak hesolak jarriko ditu bidea markatzeko, eta horiek sokarekin lotuko ditu gero. Era berean, lursailaren planoaz baliatuz, zuhaitzen antolaketan eta basoaren diseinuan ere parte hartu dute ikasleek.
Urmaela ere martxan
Basoaz gain, eremu horretan urmaela sortzeko lanak ere egin dituzte ikasleek, Aranzadiko herpetologia saileko adituek lagunduta. Inguruko anfibioak eta narrastiak mehatxupean bizi diren espezieak dira, eta horregatik, urmael artifizialak eraiki nahi dituzte animalia horientzat. Hain zuzen ere, urmaela horien guztien aterpea nahiz elikadura, ugalketa eta bizi-zikloa osatzeko beharrezko gunea izan dadin nahi dute. Nabarmendu dute gune hori garrantzitsua dela gainerako faunarentzat ere; besteak beste, odonatoek eta saguzarrek nabarituko dituzte onurak.
Urmaela modu naturalean urez betetzea eta animalien etorrera besterik ez da falta orain. Euskal Herriko eskoletako Urmael Sarearen parte izango da Munoaundiko urmaela, eta bide batez, ikastetxeek didaktikoki erabiltzeko gune garrantzitsua bihurtuko da aurrerantzean.