Trikitixaren erritmo bizienekin datoz Baztartxora

Andoni Elduaien 2022ko mar. 10a, 14:55

Xabi Solano trikitilaria izango da protagonista Baztartxon. (Argazkia: X. Solano)

Larunbateko kontzertutrako prest agertu da Hernaniko (Gipuzkoa) trikitilaria. Esne Beltza taldearen abesti ezagunenak eskainiko dituzte Baztartxon, baita Amak laukotearen pare bat kantu ere. Sarrerak eskuragarri daude oraindik Entradium atarian

Esne Beltza musika taldeak eta Amak laukoteak kontzertua eskainiko dute datorren larunbatean, Baztartxo antzokian, 19:00etan. Xabi Solano trikitilaria izango da larunbateko protagonistetako bat, eta hark kontzertuaren bezperan "elkartzeko eta ondo pasatzeko beharra" azpimarratu ditu udalari emandako adierazpenetan. Guztira, hamahiru lagun igoko dira Baztartxoko agertokira.

Esne Beltza herriko plazetako musika taldea izan da betidanik, baina pandemia tarteko, antzokietan eta bestelako agertokietan aritu behar izan dute taldeko partaideek azken hilabeteetan. "Kantuak aldatu egin genituen eta reggae estilora moldatu, areto itxietan kontzertuak eman ahal izateko". Egoera berri horren aurrean, Amak laukotea bidelagun izan dute zenbaitetan; izan ere, laukoteko Kris Solano Xabi Solanoren arreba da. "Amak taldeak koruak egiten ditu. Laukoteari diskoa neuk grabatu diet, eta hortik atera zen ideia, batez ere, formatu akustikoa nahi genuelako".

Larunbateko kontzertuan, Esne Beltza taldearen abestiak eskainiko dituzte bereziki, baina Amak-en bi kantu ere joko dituzte. Azken hilabeteetan zortzi kontzertu eman dituzte batera, baina larunbatekoaz gain beste emanaldi bat ematea dute aurreikusita. "Pandemia garairako pentsatu genuen zerbait da. Azkoitikoa eta beste kontzertu bat dugu Amak-ekin, baina laister amaituko dugu, Esne Beltza disko berria prestatzen ari baita, eta oso gogotsu gainera". 

Trikitixak "momentu ona" bizi duela uste du Solanok, "oso presente" dagoela uste baitu hernaniarrak. "Jaialdi asko dago, larunbatean; adibidez, guk Azkoitian joko dugu, baina Azpeitiko San Josetako jaialdia ere hortxe dago". Tomas Soraluze Epelde trikitilari azkoitiarra omenduko dute han, eta trikitilari azkoitiarrek parte hartuko dute jaialdian. Esne Beltza eta Amak laukotearen kontzerturako sarrerak aurrez eskura daitezke Entradium atarian, 15 euroren truke. Egunean bertan, Baztartxoko leihatilan ere erosi ahalko dira, aurrez agortzen ez badira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide