Julene Iturbe Bertso Erronda txapelketako finalera sailkatu da

Andoni Elduaien 2022ko mar. 5a, 09:00

Iturbe, ezkerretik bigarrena. (Argazkia: @julentxintxin/Twitter)

Bertsolari azkoitiarra Bilboko Zirika herri gunean aritu zen bertsotan beste hiru lagunekin batera. Iturbe martxoaren 24an Bilboko 7Katu Gaztetxean jokatuko den finalean izango da.

Bertso Erronda bertso txapelketako finalera sailkatu da Julene Iturbe Erniarraitz bertsozale elkarteko bertsolari azkoitiarra. Aurten Bilboko Ronda kaleko tabernek eta kulturguneek antolatzen duten bertso txapelketaren bosgarren edizioa ari dira jokatzen, eta bost kanporaketa jokatuko dituzte finalaren aurretik.

Otsailaren erdiaz geroztik ari dira horiek egiten, eta Iturbek hirugarren kanporaketan parte hartu zuen, asteartean. Asier Alcedorekin, Jon Elortzarekin eta Haizea Telleriarekin batera aritu zen bertsotan azkoitiarra Bilboko Zirika herri gunean, eta bertsozaleek horrela erabakita, Alcedo eta biak sailkatu ziren finalerako. Finala Bilboko 7Katu Gaztetxean izango da martxoaren 24an, 19:30ean hasita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide