Zuhaitz landaketa egingo dute zapatuan Madariagan

Anartz Izagirre 2022ko mar. 2a, 09:58

Urola Bizirikek antolatutako zuhaitz landaketa bateko irudia. (Anartz Izagirre)

Lurgaia Fundazioak eta Urola Bizirikek antolatu dute saioa, eta 09:30ean abiatuko dira Madariagara Otarre tabernatik abiatuta.

Madariaga auzoan zuhaitz landaketa saioa izango da zapatuan, martxoak 5, Lurgaia Fundazioak eta Urola Bizirik natur taldeak antolatuta. Bi taldeek jakinarazi dutenez, hango lursail batean landatuko dituzte zuhaitzak, hango jabe batekin zaintza akordioa sinatu baitute. Bi taldeak ingurune hori berreskuratzeko lanean ari dira, bertako espezieak diren zuhaitzak zein zuhaixkak landatuz.

09:30ean abiatuko dira Otarre jatetxeko aparkalekutik, baina 09:00etan Azkoitiko Lidl supermerkatuko aparkalekura joateko eskaera egin diete herritarrei, Otarrekoa aparkaleku txikia denez, handik auto gutxiagotan joango baitira abiapuntura. Autoa partekatzeko maskara eraman behar dela ere azaldu dute antolatzaileek.

13:30era bitartean izango da landaketa saioa, eta partaideei mendiko botak edo ur-botak, uretako arropa, kantinplora eta jateko zerbait eramateko gomendatu diete. Izena emateko, info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzi beharko da ostirala baino lehen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide