Hutsean berdindu du Anaitasunak San Ignacioren aurka

Andoni Elduaien 2022ko ots. 20a, 19:25

Julen Aramendi, baloia irabazteko borrokan.

Aukerarik gabeko lehen zatia jokatu dute Anaitasunak eta San Ignaciok Txerloian. Bigarren zatian, gehiago hurbildu dira gorrixek arabarren atera, eta garaipena lortzeko abagune onak izan dituzte. Anaitasunak etxean galdu gabe jarraitzen du denboraldi honetan.

Anaitasunaren gizonekoen lehen taldeak eta San Ignaciok hutsean berdindu dute gaur, igandea, Txerloia futbol zelaian. Etxean erakutsi ohi duen sendotasunarekin aritu da Anaitasuna 90 minutuetan, baina aurrean talde indartsua eta gogorra izan du, eta zaila izan da arabarrei min egitea.

Gol aukerarik gabeko lehen zatia jokatu dute bi taldeek. Jokalariek erritmo bizia ezarri diote partidari, eta eraginkor aritu dira biak ala biak presioan. Hori horrela, ez Anaitasunak eta ez San Ignaciok, inork ez du izan partidaren kontrola. Anaitasunak saiakera bat edo beste egin du aurkariaren atean, baina inoiz ez da arriskuarekin heldu. Mikel Ruiz atezain zarauztarrak, aldiz, lehen zati lasaia igaro du. 

Bigarren zatia ere lehenengoaren bidetik joan da, baina aukera gehiago ikusi ahal izan dituzte Txerloiako harmailetan batutako zaleek. Hasi eta berehala, Mikel Aramendi area kanpotik ezkerrez ausartu da, eta haren jaurtiketa gutxigatik joan da langa gainetik. Partidako 60. minutuan, berriz, bisitariek izan dute gertu gola. Ezker hegaletik egindako erdiraketa batean buruz errematatu du San Ignacioko aurrelariak baloia, eta zuzenean zutoinera bidali du. Azkenean, Ruiz atezainak urrundu du baloia areatik. 

Anaitasunak aurkariaren defentsa lerroaren bizkarra mindu nahi izan du, eta tarteka asmatu du. 63. minutuan, esaterako, bere oinetan izan du Julen Aramendik bat eta hutsekoa. Ezker hegaletik sartuta, atezainaren aurrean gelditu da hura, baina San Ignacioko atepeko gizonak ekidin du gola. Handik hamar minutura, berriz ere atzelarien bizkarrera sartutako baloi bati atera nahi izan dio probetxua Anaitasunak. Ander Arabaolaza eskuin hegaletik sartu da area barruan, baina aurrelariak gehiegi gurutzatu du jaurtiketa, eta baloia zutoinaren ondotik kanpora bidali du. 

Anaitasunaren abaguneak horiek izan dira, baina arabarrena izan da azkena. Jokaldia nahastu ostean, ezker aldetik eskuinera iritsi dira bisitariek, eta area ertzean San Ignacioko aurrelariak hegaletik barrualdera eginda, lanean jarri du Anaitasunako atezaina; kornerrera urrundu du Ruizek arabarren erasoko jokalari batek azpi-azpitik indartsu egin duen jaurtiketa.

Berdinketa emaitza justua izan da, eta hori horrela, puntu bana banatu dute Anaitasunak eta San Ignaciok. Gorrixek 40 puntu dituzte orain, eta sailkapenaren zazpigarren koskan kokatu dira. Datorren asteburuan, etxetik kanpo jokatuko du Anaitasunaren gizonezkoen taldeak, Uritarra azken sailkatuaren aurka. Etxetik kanpoko bolada txarra moztekoa aukera aparta dute Xabi Artetxe entrenatzailearen mutilek.

Hiru puntu neskentzat

Emakumezkoen Euskal Ligan diharduen Anaitasunaren taldeak, bestalde, hiru puntu on batu ditu gaur goizean Gasteizko Olaranbe futbol zelaian. Bi aste jokatu gabe egon ondoren, modurik onenean itzuli dira Gorka Zubizarretaren neskak berdeguneetara, Aurrera Vitoria 'B' taldeari 0 eta 4 irabazi baitiote.

Leire Uzinek, Oihane Uzinek, Libe Urzelaik eta Eneritz Jauregik lortu dituzte Anaitasunaren aldeko golak. Sailkapeneko laugarren postuan daude egun Anaitasunako neskak, 34 punturekin. Datorren asteburuan, etxean arituko dira Alaves 'B' taldearen aurka. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide