Eneritz Arrietak atzo esan zion agur Emakumezkoen Eusko Label Binakako Pilota Txapelketaren lehen edizioari. Sailkapen fasea seigarren postuan bukatu ostean, azkoitiarrak eta Naroa Agirre arroarrak osatutako bikoteak final laurdenetako partida jokatu zuen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan, baina 22 eta 15 galdu zuten pilotari urolatarrek Etxekolonearen eta Mujikaren kontra.
Oreka handiko partida izan zen maila nagusiko lehen final laurdena. Etxekolonea eta Mujika hobeto hasi ziren, baina urolatarrak maila hobetzen joan ziren berotu ahala, eta Arrietak tanto sorta ederra lortu zuen aurrean arriskatuz. 15 eta 18 gerturatu ziren azkoitiarra eta arroarra, baina hortik aurrera gorriek berreskuratu zuten jokoaren lema eta urdinek ezin izan zuten beste tantorik egin.
Azkoitiko finaletarako sarrerak, salgai
Gurea pilotalekuan jokatuko dira, otsailaren 27an, Ados Pilota klubak antolatutako emakumeen lehen binakako txapelketa profesionalaren finalak, lehen mailakoa zein promozio mailakoa, alegia.
Hain zuzen ere, asteburu honetan jarri dituzte salgai bai Azkoitiko finaletarako, bai hilaren 19an Amurrion (Araba) jokatuko dituzten finalaurrekoetarako sarrerak, Interneten. Lotura honetan eskura daitezke txartelak.