Ligako laugarren garaipena lortu du Azkoitia Azpeitia ISBk Alcobendas menderatuta

Mailo Oiarzabal 2022ko ots. 13a, 15:19

Azkoitia Azpeitia ISBko taldekideak atzoko partidaren amaieran. (ISB)

85 eta 61 irabazi zion atzo Andoni Lazkanoren taldeak LF Challenge ligako sailkapeneko hirugarrenari. Urrezko LEB Ligan, aldiz, Iraurgikoak galtzaile izan dira gaur eguerdian Donostian Gipuzkoa Basketen kontrako derbian (80-70).

Poz gutxi izan du Azkoitia Azpeitia ISB taldeak LF Challenge liga hasi zenetik, baina atzo garaipen gozoa lortu zuten Iraurgiko emakumeek Azpeitiko kiroldegian. Denboraldiko laugarren garaipena sailkapeneko goikaldeko taldeetako baten kontrako neurketan iritsi zaio Andoni Lazkanoren taldeari. Vantage Towers Alconbendas Madrilgo taldea hirugarren sailkatua da, baina atzo mendean ibili zute neurketa osoan zehar taularen azken bigarren postuan jarraitzen duten Iraurgikoek, 85 eta 61 nagusitu arte.

Hasieratik bukaeraraino nagusi izan zen atzo Azkoitia Azpeitia ISB. 18 eta 13ko partzialarekin bukatu zen lehen laurdena, eta hortik aurrerakoetan pixkanaka eta etengabe (23-18, 20-14 eta 24-16) aldea areagotzen joan ziren Lazkanoren jokalariak, amaierako 24 puntuko abantaila mardula pilatu arte. Sara Iparragirre izan zen etxekoen jokalari nabarmenena Alcobendasen kontrako partidan, 23ko balorazioarekin eta 13 punturekin. Milena Jaksic, 15 punturekin, izan zen saskiratzaile onena; Iraurgiko sei jokalarik lortu zuten atzo hamar puntu edo gehiago saskiratzea.

Zizur Nagusian (Nafarroa) jokatuko du datorren asteburuan Azkoitia Azpeitia ISBk, Ardoiren kontra.

Derbian, ezin

Urtarrilaren 8an jokatu ezin izan zuten Urrezko LEB Ligako hamabosgarren jardunaldiko partida gaur berreskuratu dute Acunsa Gipuzkoa Basketek eta Juaristi ISBk Donostiako Illunben, eta etxekoentzat izan da garaipena, 80 eta 70.

Gipuzkoa Basket ibili da beti aurretik markagailuan. 23-15 bukatu da lehen laurdena. Bigarrenean, aurkaria gehiago estutzera iritsi da Iñaki Jimenezen taldea; hiru puntura jartzea lortu dute Iraurgikoek (30-27), baina ihes egin diete berriro Donostiakoek, eta hamabost puntura zabaldu dute tartea atsedenaldira joan aurretik (51-36). Hirugarren laurdenean etxekoak oso sendo aritu dira, ISBkoei gerturatzeko aukerarik eman gabe, eta azken laurdena jokatu aurretik, hemezortzi punturaino luzatu dute markagailuko aldea. Azken hamar minutuetan ez ditu besoak jaitsi Juaristi ISBk; borrokan jarraitu du taldeak, eta abantaila murriztea ere lortu du, baina handiegia zen ordurako zuloa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide