Azkoitri triatloi taldeak duatloien eta triatloien 2022ko denboraldiko taldea aurkeztu du gaur goizean Oteiza pilotalekuetan. Gaur bertan ekingo diote duatloien sasoiari taldekide batzuek Erandion (Bizkaia), Euskal Herriko Duatloi Zirkuituaren lehen proban.
Hain zuzen ere, Azkoitiko Duatloia izango da zirkuitu horren azken hitzordua, apirilaren 30ean. Triatloi denboraldia, berriz, maiatzaren lehen asteburuan hasiko dute, Getarian. Aurreko bi urte gorabeheratsuen ondoren, aurten proben egutegia "normaltasun osoarekin" egitea aurreikusten dute. "Gainera, aurten inoiz baino proba gehiago izango dira", azaldu dute Azkoitrikoek gaurko aurkezpenean. Aipatutako bi urte aldrebesen ondoren taldekideak "gogoarekin" daude, eta Gipuzkoako txapelketetan "aurrean ibiltzeko" aukera ere ez dute baztertzen.
Aurreko denboraldian baino talde jendetsuagoa izango du aurten Azkoitrik. 34 taldekide elkartu dira gaurko aurkezpenerako, baina ez zeuden guztiak. Taldekide kopuru zehatza "neurtzea zaila" izaten da, taldeko ordezkarien esanetan: "Lizentziak ateratzeko epea abenduan irekitzen da, baina ekain-uztailera arte irekita mantentzen da".
Hala ere, Azkoitrin iaz baino kide gehiago izango direla badakite, "lizentzien erritmoa nola dihoan eta triatloiko zenbat buzo eskatu diren ikusita", eta gustura daude. Azpeitiarrak eta azkoitiarrak dira taldekide gehienak, eta zestoar bat ere ariko da Azkoitrin. Eta orain arteko denboraldietan taldean "emakume bat edo batere ez" aritu izan badira, aurten lau izango dira, eta bereziki pozik daude horregatik Azkoitrikoak. Duatloietan eta triatloietan taldekako sailkapenetan gutxienez talde bereko hiru kidek bukatu behar izaten dituzte lasterketak, sailkapenean puntuak batu ahal izateko; aurten, gizonen sailkapenetan ez ezik, emakumeenetan ere puntuak batzeko aukera izango du Azkoitrik.