Piztiak musika taldeak 30 urte bete zituen iaz, eta urtemuga horren harira, XXX diskoa kaleratuko du aurten. Taldeak kaleratu dituen zazpi diskotako hainbat abesti nahiz bi kanta berri jasoko dituzte lan berri horretan; Barru barrukuk eta Begietara begiratu dira bi doinu berri horiek, eta hain zuzen ere, horietako bat aurkeztu du Piztiakek: Begietara begiratu.
Peio Larrañaga azkoitiarra da musika taldeko kideetako bat. Txomin Uribe Azpeitiko bizilagunak egindako abestia da Begietara begiratu, etxean gaixotasun larri baten ondorioz bizi izandakoaz eta galera sentipenaz sortutakoa. Taldeak azaldu duenez, gaixotasun larri bat eduki duenari eta haren ingurukoei eskainitako kanta da.
Piztiak taldea martxoaren 10ean hasiko da disko berriaren bueltako emanaldiekin. Besteak beste, Bilbon, Algortan, Tolosan eta Azkoitian eskainiko ditu taldeak kontzertuak. Hain zuzen ere, maiatzaren 14an izango da Azkoitiko kontzertua, Matadeixen.
Azpeitiko kideek ere jotzen dute Piztiaken; horien artean, Txomin Uribe Azpeitiko bizilagunak eta Jesus Galan azpeitiarrak. Gainera, taldeko kide dira Josu Aranbarri nahiz Jose Lastra.