Emakumeak ahalduntzeko zortzi ikastaro prestatu ditu udalak

Ane Olaizola 2022ko ots. 7a, 15:46

Ekainera bitarteko egitaraua aurkeztu du Azkoitiko Udalak, eta otsailaren 22ra arte zabaldu du izen-emate epea. Berrikuntzen artean, Hitz-ahalduntzen, noka eta haurdunaldirako ikastaroak eskainiko dituzte.

Emakumeak ahalduntzeko asmoz, zortzi ikastaro antolatu ditu Azkoitiko Udalak, eta horietan parte hartzeko izen-ematea zabaldu du. Ekainera bitartean, askotariko zortzi tailer eskainiko dituzte herrian; batzuk aurreko urteetan eskaini izan dituztenak, eta besteak berrikuntzak, hala nola haurdunaldirako ikastaroa eta Hitz-ahalduntzen. Gainontzeko tailerrak, berriz, honakoak izango dira: arteterapia, Batukada feminista, Berdintasuna eta punto, xilografia, autodefentsa feminista eta Noka eizan!

Ikastaroen egitaraua aurkeztu dute udalak eta saioetako gidariek, eta Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak honako hau adierazi du egitasmoaren harira: "Emakumeon parte hartzea eta ahalduntzea sustatu nahi dugu ikastaroekin, elkarrekin hausnartzeko eta baliagarriak diren espazioen bidez gure bizipenak eta ezagutza partekatzeko. Guztion artean errazagoa da gizarte berdinzalea eta justua eraikitzeko behar ditugun tresnak eskuratzea".

Haurdunaldirako ikastaroan, yoga eta pilates ariketak egingo dituzte haurdun dauden emakumeek beren zaintzarako, eta Edurne Salegik zuzenduko ditu saioak. Martxoaren 7an hasiko da ikastaroa, eta ekainaren 27an amaitu. Astelehenetan elkartuko dira, 17:00etatik 18:30era artean.

Hitz-ahalduntzen ikastaroari dagokionez, antolatzaileek adierazi dute emakumeei, "eskubide osoko herritar" gisa, beren eskubideen eta ahalmenen inguruko kontzientzia hartzen lagunduko dietela alfabetatze lanketaren bidez. Nerea Del Campo izango da irakaslea, eta hark asteazkenetan eta ostegunetan eskainiko ditu eskolak, 15:00etatik 17:00etara, martxoaren 16tik ekainaren 16ra bitartean.

Hitzekin eta hizkuntzarekin lotutako beste ikastaro bat ere eskainiko dute emakumeak ahalduntzeko asmotan, noka ardatz duena, hain zuzen ere. Udalak Euskara sailarekin eta Hike eizan! egitasmoarekin elkarlanean antolatu du ikastaroa, eta hango kide Xabier Eizagirrek gidatuta, parte hartzaileek nokaren erabilera landuko dute "ikuspegi feminista batetik". Maiatzean hasiko dira saioak, eta ekainaren 9ra bitartean, ostegunetan bilduko dira, 18:00etatik 20:00etara artean.

Iaz hasitako Berdintasuna eta punto ikastaroak jarraipena izango du aurten, eta Maina Arzalluzek josten irakatsiko die parte hartzaileei. Hain zuzen ere, saioen asmoa da jostearen aitzakian emakumeek beren bizipenak partekatzea eta saioa elkarren artean solasteko topagune izatea. Martxoaren 4tik ekainaren 10era bitartean eskainiko dute tailerra, ostiraletan, 15:15etik 16:45era artean.

Irantzu Iturbek ere beste urte batez eskainiko du arteterapia ikastaroa otsailaren 23tik maiatzaren 11ra bitartean, eta han parte hartzen duenak bere burua hobeto ezagutzeko eta emozioak modu naturalean adierazteko tartea izango du sormenaren bidez. Asteazkenetan izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara.

Bestalde, xilografia tailerrarekin itzuliko da Oihana Ugarte, eta hark asteazkenetan eskainiko ditu saioak, 18:00etatik 20:00etara, martxoaren 30etik maiatzaren 4ra. Xilografiaren teknika irakatsiko du Ugartek, eta sormen lana izango da nagusi.

Horrez gain, batukada eta autodefentsa feminista ikastaroak eskainiko dituzte beste urte batez emakumeak ahalduntzeko programaren barruan. Batukada feminista Ainara Sarasketak eta Arantza Albizuk eskainiko dute, eta taldea astelehenetan bilduko da 18:00etatik 20:00etara artean, otsailaren 21etik ekainaren 13ra bitartean. Autodefentsa feministan, berriz, bi tailer egingo dituzte: bata apirilaren 30ean eta bestea maiatzaren 7an, 09:30etik 13:30era artean. Emagin elkarteak defentsarako giltzarri diren gakoak azalduko ditu.

Izen-ematea, zabalik

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago dagoeneko, eta interesa dutenek otsailaren 22ra bitartean izango dute horretarako aukera. 943-54 20 14 edo 943-08 00 80 telefono zenbakietara deituta nahiz berdintasuna@azkoitia.eus edo azkoitia@azkoitia.eus helbide elektronikoetara idatzita inskribatu daiteke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide