Aldaketak izan dira Arizterrazuko plaza aski ezagunean egiten diren erromeriak antolatzen dituen Andatza elkartearen lantaldean, eta aurrerantzean, bi azkoitiar izango dira bertan: Ibon Errazuk idazkari lanak egingo ditu, eta Iosu Arrizabalaga Izer bokala izango da.
Elkartearen sorreratik, 1996tik, taldeko kide izan diren Joxe Alkainek eta Martxel Ansak karguak utzi dituzte, eta haien lekukoa beste hainbat lagunek hartu dute, tartean bi azkoitiarrek. Dena den, beste lagun batzuk ere izango dira lantaldean: Juan Mari Azkue da elkarteko lehendakaria sorreraz geroztik, eta kargu horretan segituko du datozen urteetan. Gainera, Irune Elizagoien izango da lehendakariordea eta Itsaso Elizagoien diruzaina.
Elkarteak adierazi duenez, orain arte egindako bidearen "garrantziaz" jabetuta, etorkizunean ere erromeriak "indartsu" jarrai dezan egingo du lan talde berriak. Pandemia tarteko, hilabeteak dira Andatza auzoan erromeriarik egiterik izan ez dutela, baina egoera "hobetzean" berriz ere ekiteko asmoa duela jakinarazi du taldeak. "Erromeria zaleek, dantzariek eta musikariek hain gogokoa duten txokoa laster hartuko dute berriro soinu txiki eta pandero hotsek, eta indarberrituta ekin nahi zaio denboraldi berriari".