Datorren zapaturako, otsailak 12, Munoaundin zuhaitz landaketa egiteko hitzordua antolatu du Urola Bizirik natur taldeak, Kukuerri elkartearen laguntzarekin. Goizez egingo dute landaketa, eta 09:30ean Abaraxka aterpetxean elkartuko dira egiteko horretan aritu nahi duten herritarrak.
Orotara, 60 zuhaitz sartuko dituzte Artadi mintegiko arduradun Geert Roelsen aholkuak jarraituz. Gainera, landaketa bukatzean, mokadua egiteko parada izango dela aurreratu dute Urola Bizirikeko kideek.
Munoaundiko lursail bat Urola Bizirik taldearen esku utzi du Azkoitiko Udalak, eremu horretan basoa era dezan, eta hain zuzen ere, hantxe egingo dute landaketa larunbatean. Gainera, taldea dagoeneko hasia da basoa berreskuratzeko lanekin.
Beste lur zati bat, berriz, Eskolako Agenda 2030ekoen esku laga du erakundeak, ikastetxeetako ikasleek naturarekin kontaktu zuzena izan dezaten eta han proiektuak gara ditzaten.