Gipuzkoako Urak erakundeak Azkoitiko Udalarekin duen hitzarmena tarteko, ur hoditeria berria jartzen ari dira San Martin auzoko Idiakez kalearen 2 eta 12 zenbakien artean. Astelehenean hasi zituzten hoditeria aldatzeko lanak, eta bihar, ostirala, amaituko dituzte. Udalak azaldu duenez 45 metroko luzera duen hoditeria sartu dute kalean, eta uraren sei hargune berritu dituzte. Hoditeria zaharrak burdin galbanizatuzkoak ziren. Horiek hondatuta zeudenez, berriengatik ordezkatu dituzte, eta orain, polietilenozko hoditeria jarri dute.
Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 2008an sinatu zuten uraren kudeaketa integralaren inguruko akordioa, eta 2019an berritu zuten hitzarmena beste hamar urtetarako. Hitzarmenetan jasotakoaren arabera, Ur Kontsortzioak herriko ur azpiegituren hobekuntzan inbertsioak egin beharko ditu. 2009. urteaz geroztik, 1.777.000 euro inbertitu ditu erakundeak herrian.
2019tik 2029ra bitartean, berriz, Ur Kontsortzioak 1.281.980 euro inbertituko ditu herrian. Aurten, Floreagan eta Atxabaletan egingo dituzte lanak, eta datorren urtean, Bizkargi, Julio Urkixo eta Trino Uria kaleetako hornikuntza eta saneamendu sareak berrituko dituzte.